Jardunaldia 10:00etan hasiko da eta duatloi txikia, lasterketa herrikoia eta lasterketa inklusiboa egongo dira lehenengo. Goizeko probetan parte hartu gura duten denek tokian bertan egin ahal izango dute izen ematea.
Arratsaldean helduko da ikusminik handiena piztuko duen proba: txapelak jokoan izango dituen duatloia, banakako eta bikoteko modalitateetan. Distantziak honako hauek izango dira: 3,5 kilometro korrika, 10 kilometro bizikletan, eta beste 3 kilometro korrika. Gizonetan irabazteko hautagai nagusi bi daude: Paul Bereziartua durangarra eta Josu Urrestarazu. Joan zen asteburuan Urrestarazuk Asteasuko mendi duatloia irabazi zuen, Bereziartua bigarren zela. Durangarrak aurkari gogorra izango du aurrez aurre, baina etxeko duatloia kuttuna du: orain arteko bi aldiak berak irabazi ditu.
Lehenengo edizio bietan 100 lagunetik gora batu ziren proba lehiakorrean. Aurten 130 parte hartzaile inguru batuko ditu, inoiz baino gehiago.