"Mendizalea izanik, Nepal asko gustatu zait"

Aitziber Basauri 2025ko urr. 5a, 10:30

Hainbat urtean Madrilen (Espainia) lan egin ondoren, Euskal Herrian lan egiteko aukera duelako pozik dago Iñaki Esteban (Durango, 1994). Gasteizen ikus-entzunezko Goi Mailako ikasketak egin eta gero, argazki-zuzendaritza masterra egin zuen Madrilen.

Orain sei urte kirol jarduerak grabatzen hasi zinen kamerari lanetan.
San Mamesen, Anoetan, Buesa Arenan... publikoa grabatzen lan egiten nuen, zelai edo kantxako pantaila handietan erakusteko. Baina pandemia sasoian harmailak hustu egin ziren.

Geroago sortu zen VXM, Vascos por el mundo saioan aritzeko aukera. Zeintzuk herrialde bisitatu dituzu? 
Europako hainbat lekutan grabatu dugu: Norvegian, Finlandian, Estonian, Berlinen (Alemania)... Pekinera (Txina), Tokiora (Japonia) eta Nepalera ere joan naiz, eta AEBetako hainbat lekutara: Idahora, Texasera, Route 66 ibilbidera... 

Zorioneko lana ematen du.
Ordu asko ematen genuen grabatzen, eta bidaiak luze egiten ziren batzuetan. Baina aukera polita izan da bidaiatzeko. Gainera, oso gogoko dut bidaiatzea. Orain urte batzuk horrelako saio batean lan egingo nuela esanez gero ez nuen sinistuko. Etxeko telebistan ikusterakoan, askotan pentsatu nuen: "Egundokoa litzateke horrelako programa batean lan egitea!'.

Eta lortu zenuen!
Ametsetako lana izan da. Herrialdearen arabera, zazpi eguneko grabazio lasaia edo zoramena izan zitekeen. Eguraldiak asko eragiten zigun. Telebistarako grabazioek ez dute glamour handirik, teknikarion artean behintzat (barrez). Lan gogorra da, baina oso polita. Orain, ea proiektu berriak datozen.

Gogoan duzun bidaia bat?
Bakoitzak bere xarma du. Norvegia oso ederra da, baina oso garestia. Bestalde, mendizalea izanik Nepal asko gustatu zait. Everest ikusteko aukera izan nuen, eguraldi ederragaz.

Callejeros saiorako grabazioak beste era batekoak izan dira.
Bai, oso istorio gogorrak ezagutu ditut. Prostituzioari buruzko erreportaje batean, emakumeen trafiko sareetako biktimak ezagutu nituen, adibidez. Beste batean bular operazio bat grabatu nuen, pertsonek zoriona lortzeko egindakoak biltzen dituen saiorako. Ez dut inoiz beldurrik izan, baina tentsio uneak bizi izan ditut.  

Zein formatutan zaude erosoago?
Biak uztartzen dituen formatuan lan egin gura nuke.

Argazkizalea ere bazara. Argazki on baterako gakoa?
Une oro laukiratzea buruan izatea. Askotan lortu ez arren, beste batean harrapatu ezingo dudan une edo irudiari argazkia ateratzen ahalegintzen naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!