Zesta-puntako Jai Alai Leaguearen denboraldi berria Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan hasiko da. Durangoko Master Seriesean lau bikote ibiliko dira lehian. Euretariko bat, Xabi Barandika gernikarra, Jai Alai Leagueko gaur egungo txapelduna da.
Finalerdiak urriaren 6an jokatuko dira, 19:30ean. Barandikak Unai Lekerikabeaskoa herrikideagaz jokatuko du Durangon, eta Erkiaga eta Del Río izango dituzte aurkari. Barandika eta Erkiaga, berriro ere aurrez aurre. Donostiako finalerdietan, gernikarra izan zen nagusi eta Ispasterkoak errebantxa nahiko du. Horretarako, Julen Del Rioren laguntza izango du. Gasteiztarrari mesede egiten diote frontoi laburragoek eta Bilboko Deportivorekin batera, Durangoko Ezkurdi da bere ezaugarrietara ondoen egokitzen dena. Beste finalerdian Urreistik eta Zabalak Olharanen eta Ibarluzearen aurka neurtuko dute indarra. Atzeko koadroetan, bi markinar ibiliko dira elkarren kontra eta pronostiko argirik gabeko kanporaketa da.
Finala San Fausto egunean jokatuko da, urriaren 13an, 19:30ean. Atariko partiduan emakumeen partidu bat izango da. Euskotren Winters Serieseko txapeldunak diren Helena Barrenetxea durangarrak eta Arai Lejardik Jai Alai Leagueko txapeldunak diren Elaia Gogenolaren eta Maia Goikoetxearen kontra jokatuko dute.
Bi egunetarako bonuak nahiz jardunaldi bakarrerako sarrerak www.eramanjaialai.com webgunean eskuratu daitezke.