Ibilaldi osasungarrien programari berrekin diote gaur Durangon

E.H. 2025ko urr. 1a, 10:59

Durangoko adinekoak eguaztenero-eguaztenero batuko dira hemendik aurrera, jarduera fisikoko teknikari baten laguntzagaz bost kilometroko ibilbideak egiteko. 

Kurutziagako gurutzean batuko dira eguaztenetan, 09:30ean, eta handik hasiko dituzte baterako zein besterako ibilbideak, 11:00ak aldera amaitu arte. Bidean, lagun giro atsegin eta lasaiaz gozatuko dute, neurriko jarduera fisikoa egin bitartean. 

Alabaina, eguaztenekoa ez da proposamen osasungarri bakarra izango. Astelehenetan, Bizidun elkarteak Ibilketa Nordikoa praktikatzeko irteerak antolatuko ditu. Zortzi eta hamar kilometroko ibilbideak izango dira. Horiek ere, ibilaldi osasungarriak bezala, 09:30ean hasiko dira Kurutziagako iturritik.

Egitasmoetan parte hartu gura dutenek 944657451 telefonora deitu edo adintek@durango.eus helbidera idatzi dezakete.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!