Erreparatu honako egoera hauei: pertsiana ez atzera ez aurrera geratu zaizu eta ez dakizu nori deitu libratu dezan; sabaitik eskegitako lanpara aldatu gura duzu baina ez dakizu nondik hasi. Nork aldatu ate bateko heldulekua? Nork margotu logela, nork zaharberritu egongelako armairua? Eta arropa eskegitzeko soka zelan aldatu? Eta logelaren bat husteko laguntza beharko banu? Eta zulatzeko makina hartzera ausartzen ez banaiz?
Halako edo antzerako egoerak bizitzen badituzu zure egunerokotasunean, lasai. Bat: egoera arruntak dira. Eta bi: egoera arrunt horiek guztiak konpontzeko zerbitzu egoki-egokia daukagu: Javier Konponketak. Javier Matas durangarrak etxeko egunerokotasuneko arazo txiki guztiak konpontzeko zerbitzua eskaintzen du eskualde osoan. Nahikoa da beragaz hartu-emanetan ipini eta bakoitzak behar duena kontatzea. "Orain dela egun gutxi etxe bat margotu dut, eta berniza eman diet altzari batzuei. Ispiluak ipini ditut hainbat etxetan, altzariak muntatu, eta baita biltegi bat hustu ere. Zeregin guztietarako behargina naiz, bezeroak behar duen horretara egokitzen naiz", dio Javier Matasek. Gaineratu duenez, "herritar asko nora jo jakin barik egoten da etxean konponketaren bat edo lantxoren bat egin beharra egokitzen zaienean". "Nik egoera horiei konponbidea emateko lan egiten dut, hain zuzen ere", esan du. Behar den moduan eta irribarre bategaz.
