Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia Museoko zuzendariak 2014an ere Boisierren lanak Durangoko Museoan erakutsi zirela azpimarratu du. Hain zuzen ere, garai hartan Durangon bizi zen artista txiletarra. Oraingo honetan, ostera, artxibo historikoa eta sorkuntza garaikidea uztartu ditu. "Elkarrizketa bat proposatzen du Boisierrek, iraganaren eta orainaren arteko zubi lana eginez, edota bestelako esanahi sinbolikoak aztertuz", nabarmendu du Arrizabalagak. Boisierrek berak, ostera, mendiak bere lanetan duen protagonismoari eman dio garrantzia. "Ez dut mendi tontorrera igo nahi soilik; bidea aztertu nahi dut, ibili, eta detaile txikiei so egin; gero detaile horiek testuingurutik atera nahi ditut, izan ere, horrela, gaiak beste modu batera heldu ditzaket", azaldu du gaur goizeko prentsaurrekoan. Bisita gidatua eskainiko du hilaren 26an, 19:00etan.
Ros Boisierren ikasketa ildo nagusia argazkigintza garaikidea eta argazki liburuen bidezko garapen historiko eta artistikoa da. Erakusketen katalogoetarako, artisten liburuetarako eta kultur aldizkarietarako testuak ere idazten ditu, besteak beste.