Kale-zurruta 100 eta 1.000 euro arteko isunekin zigortu ahalko dute Durangon

Ekaitz Herrera 2025ko ira. 24a, 21:08

Durangoko udalbatzak hasierako onarpena eman dio kale edana arautzeko ordenantza berriari. Erabakia "bizilagunen atsedena" eta "bizikidetza" bermatzeko helburuz sartuko dute indarrean. Neurria kale-zurruta egiteko ohikoak diren lekuetan aplikatu gura dute.

Durangoko udalbatzak alkoholaren kale-kontsumoa arautzeko ordenantza onartu du, eta atea zabaldu dio kale-zurruta zigortzeko aukerari: 100 eta 1.000 euro arteko isunak ipintzeko eskumena izango du aurrerantzean. Gobernu taldeak "bizikidetza baketsua" bermatzeko helburuz diseinatu du araudi berria, "osasun publikoa, ingurumena eta bizilagunen atsedena" errespetatzeko asmoz. Halantxik plazaratu zuten Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak, astelehenean, eskualdeko komunikabideekin egindako saio informatiboan. Eta ñabardura bat ere egin zuten: arauak ez ditu jo-puntuan ipiniko "ohiko ostalaritza establezimenduetan erosi eta kalean, tabernaren aurrean, Goienkalean, adibidez" kontsumitzen duten edaleak. Horiek barik, udalerriko kale eta plaza zehatzetako kale-edanak ekidin gura dituzte: Andra Mariko elizpean zein Matute plazan egiten direnak, gehienbat. "Gure helburua ez da isunak jartzea, baina badirudi batzuetan egoera zuzentzeko bide bakarra direla. Ordenantza hau gure helburuak betetzeko lagungarri izan daitekeelakoan gaude", azaldu zuen Elkoroiribek astelehenean. 

Eztabaida osoko blikuran

Arratsalde honetako osoko bilkuran eman diote hasierako onarpena arauari. Bost alderdi politikoetako ordezkariek eztabaidatu dute, eta batzuek zein besteek argi utzi dute auziari heltzeko iritzi kontrajarria. Izan ere, arauak EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin egin du aurrera. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, berriz, kontra bozkatu dute.

EAJko Josune Escotak azaldu duenez, azken hilabeteotan herritar askok jo du udaletxera, kale zurrutagatiko "zaratekin, gehiegizko kontsumoarekin eta molestiekin" kexaka. Kanpainak egiten ibili arren, horiek eraginik izan ez dutela eta isunak ipintzeko aukera zabaldu behar izan dutela aitortu du. Jesica Ruiz sozialistak ere antzerako berbak esan ditu: "Jende asko hurreratu zaigu konponbide eske, eta geure burua ordenantza hau sortzera behartuta ikusi dugu". Era berean, isunekin baturiko dirua zeregin zehatzetara bideratuko dutela iragarri du sozialistak, "gazteentzako aisialdi programak sortzera eta gehiegizko alkoholaren kontsumoez ohartarazteko kanpainetara", hain zuzen ere. PPko Carlos Garciaren iritziz, "beharrezkoa eta urgentea" da ordenantza, eta testuan jasorikoaz gainera, "pedagogia" lantzeko programak sortzea iradoki du.

EH Bilduko Markel Larruskainen esanetan, berriz, araudia "zehaztasun handiegirik barik" jaio da: "Ordenantzari zorroztasuna falta zaio, izenburuak hala dioen arren, ez delako alkoholaren kontsumoan esku hartzeko ordenantza bat, arazo konkretuei aurre egiteko txostena baino. Berba egin dezakegu arazo zehatz horiei konponbidea zelan eman erabakitzeko, baina ordenantza honetan gai asko nahasten dira". Alkoholaren auzia kale zurruta baino askoz zabalagoa dela azaltzeko, Larruskainek irudi bat deskribatu du bere hitz hartzean: udalerriko terraza guneetan, umeen jolaslekuen ondoan, modu arautuan kontsumitu ohi diren edari alkoholdunena. Isunei dagokienez, ordenantzaren izaera punitibista ez dela, baina horretarako baldintzak ezartzen dituela azpimarratu du.

Herriaren Eskubideko Jorge Varelak auziari heltzeko beharra azpimarratu du, baita "urrutirago" begiratzera gonbidatu ere. "Alkoholaren kalteez kontzientziatzera" deitu du, "elkarteekin, ikastetxeekin eta eragileekin" gaiari heltzeko konponbideak bilatzera. Gainera, zinegotzi independenteak ordenantza alternatiboa aurkeztu du norabide horretan eragiteko asmoz. Azken horrek, baina, ez du aurrera egin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!