Mugarra Triatloi Taldeak Durangoko III. Mendi Duatloia antolatu du urriaren 4rako; aurten ere, Euskal Herriko zirkuituko mendi duatloia ez ezik, duatloi herrikoia eta umeentzakoa antolatu dituzte; umeen duatloian proba inklusiboa egiteko aukera ere egongo da. Probak mendia, arineketa eta bizikleta uztartzen ditu eta horrek egiten du berezi eta erakargarri. "Aurten ere denentzako moduko lasterketak antolatu ditugu", azaldu du Aitor Iraurgi Mugarra triatloi taldeko kideak. Kirolariek bakarka edo bikoteka (erreleboka) parte hartu ahal izango dute mendi duatloian. Hasteko, hiru kilometro egin beharko dituzte korrika; ondoren, hamar bizikletan, eta jarraian beste hiru lasterka. Parte hartu gura duenak irailaren 29ra arte izango dute epea rockthesport.com atarian izena emateko. Urriaren 4ko hitzordua zaletasuna bultzatzeko ere baliatuko dute. Horrela, umeen duatloiko, duatloi inklusiboko eta duatloi herrikoiko parte hartzaileek distantzia laburragoak egin beharko dituzte. Lasterketa horietarako izen ematea egunean bertan egin beharko da. Proba herrikoian 14 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta 8,5 kilometro egin beharko dituzte (2,5 km lasterka). Umeen duatloia 7tik 14 urtera bitartekoentzat da eta distantzia adinaren araberakoak izango dira.