Etxebizitza, osasungintza eta aparkaleku falta dira durangarren kezkarik nagusienak

E.H. 2025ko ira. 23a, 12:25

Etxebizitza blokea San Fauston. DURANGOKO UDALA

Gizaker ikerketa etxeak durangarren pertzepzioa eta gogobetetzea neurtzeko azterlana egin du udalaren enkarguz. Inkestan, herriko zerbitzu publikoak, bizi-kalitatea, hobetu beharrekoak eta politikarien balorazioak jaso dituzte, besteak beste.

Ikerketarako telefono deiak ekainaren 9tik 12ra egin zituzten, eta hamazortzi urtetik gorako 400 durangar galdekatu. Ondorio nagusienen artean honako hau dago: herritarrek 8,1 notarekin puntuatu dute, batez beste, udalerriko bizi kalitatea. Hala ere, hobetu beharreko hainbat arlo azaleratu ditu ikerketak. Etxebizitza da horien artean nagusi. Galdekatuen % 15ak uste du etxebizitza dela Durangoko arazo nagusia. Segidan datoz osasungintza publikoari loturiko kezkak, hala nola zerbitzurik eza eta arratsaldeetan pediatria zerbitzurik ez egotea (% 13,8), segurtasun falta eta lapurretak (% 13,8) eta aparkaleku-falta (% 12). Koska bat beherago kutsadura (% 4,8), garbiketa-falta (% 4,8), gazteentzako eta nerabeentzako aisialdi falta (% 4,3) eta merkataritza falta daude (% 4,3).

Udal zerbitzuen eskaintzari dagokionez, kirola dago gorenen: herritarrek 7,57 puntuazioa eman diote arlo horri, batez beste. Era berean, era baikorrean puntuatu dituzte Kultura (7,45), Berdintasun arloa (7,3), Euskara (7,18), Gizarte zerbitzuak (7,16) eta Turismoa (7,11). Bestalde, udalak etorkizunera begira eskuartean dituen proiektuen harira, lehentasunik gehien duena adinekoen zentroa hobetzea edo handitzea da (8,51). Atzetik datoz merkatu plazaren birmoldaketa (8,11), umeen jolas lekuak estaltzea (8,01), Tabirako kirol eremua berritzea eta handitzea (7,99), Gaitasun Handiko Osasun Zentroa (7,96), Plateruena Kultur Aterpea birgaitzea (7,75) eta Pinondo Etxean kultur etxea atontzea (7,68).

Maila pertsonalean

Durangarrek hezur-haragitan bizi dituzten kezka nagusiak Osakidetza (galdekatuen % 10,3), etxebizitza (% 9,3), aparkaleku falta (% 9), segurtasun falta (% 7,3), osasun fisikoko edo mentaleko arazoak (% 3,5) eta laneko ezegonkortasuna edo prekarietatea dira (% 3,5). 

Politikarien balorazioak

Bost dira Durangoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak, eta bost horiek egiten duten lana baloratu dute herritarrek. Puntuaziorik onena EH Bilduk jaso du (6,4). Atzetik datoz EAJ (5,68), Herriaren Eskubidea (5,65), PSE-EE (4,89) eta PP (3,08). Era berean, herritarrek modu honetan puntuatu dituzte alderdi bakoitzeko buruzagien lana eta kudeaketa: Ima Garrastatxu (6,76), Mireia Elkoroiribe (6,07), Jorge Varela (5,64), Jesica Ruiz (5,31) eta Carlos Garcia (2,98).

2027ko ekaineko udal hauteskundeetako prospekzioa ere aztertu du Gizakerrek. Honako datu hau utzi du ikerketak: EH Bilduk 2023ko ekainean baino babes gehiago izango luke, boto emaileak % 38,4tik % 41,4 izatera igarota; EAJren babesa puntu bat jaitsiko litzateke, % 35,9tik % 34,9ra; PSE-EEk puntu erdi egingo luke behera, % 8,3tik % 7,8ra; Herriaren Eskubideak lau hamarren galduko lituzke % 6,7tik % 6,3ra igarota, eta PPk igoera txiki bat izango luke % 6,2tik % 6,6ra. 

Udaletxeko ordezkari kopuruari dagokienez, honako gorabehera hauek gertatu daitezkeela aurreikusi du ikerlanak: EH Bilduk eserleku kopuruari eutsi edo bat gehiago irabaz dezake (9-19 ordezkari), EAJk bere ordezkaritzari eutsi edo bat gehiago irabaz dezke (8-9), PSE-EEk bere biak mantendu ala bat galdu dezake (1-2) eta Herriaren Eskubideak zein PPk bakarrari eutsiko liokete. 

EH Bilduren irakurketa: "Lanean jarraituko dugu"

Durangoko Udalak azterlana kaleratu eta gero, EH Bilduk honako balorazio hau egin du: "Etxebizitza Larrialdia gero eta agerikoagoa da, eta egoerari buelta emateko proposamen politikoak urgenteak dira. Bestalde, alderdi politikoen lana baloratzean EH Bildu da balorazio onena jaso duen alderdia, eta hauteskundeetan inoizko emaitzarik onenak lortuko lituzke. Ima Garrastatxu da alkategairik baloratuena. EH Bildutik lanean jarraituko dugu, herritarrei entzuten eta Durango hobetzeko proposamenak egiten".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!