San Roke eta Aramotzeko kontsumo taldea aurkeztuko dute eguenean, Otamotzenan

Ekaitz Herrera 2025ko ira. 23a, 11:30

Kontsumo taldeko kideek urte bi daramatzate tokiko baserritarren produktuak astero-astero jasotzen. Orain, auzotar gehiagorengana zabaldu gura dute egitasmoa, eta haren aurkezpena egingo dute eguenean, Otamotzena auzogunean. 18:30ean izango da.

Urte bi dira Aramotz, San Roke eta Herria Auzo Elkartearen bueltako bizilagun batzuek tokiko produktuekin elikatzeko ALE San Roke kontsumo taldea eratu zutenetik. Baserritarren eta auzotarren arteko aliantzari eskerrak, bigarrenek lehenengoen berdura, esneki, ogi eta arrautzak jasotzen dituzte astero-astero, hutsik egin barik.

Gaur egun, hamar familiak eta lau baserritar ekoizlek osatzen dute taldea, baina egitasmoa auzoetako herritar gehiagorengana irisarazi gura dute aurrerantzean: "Izan ere, kontsumo taldeari esker, Durangaldeko baserritarren elikagaiak lortzen ditugu: Gertuko produktuak dira, kalitatezkoak eta ekologikoak. Hori dela eta, kontsumo taldea handitu eta elikadura ohitura hori auzotar gehiagorengana ailegatzea gura dugu", adierazi dute egitasmoko kideek. Helburu horretarako, hain zuzen ere, kontsumo taldearen aurkezpen publikoa egingo dute. Ekitaldia eguenean izango da, hilak 25, Otamotzena auzogunean, 18:30ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!