Durangoko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunek bilera egin dute Gaitasun Handiko Osasun Zentroarieta anbulantzia medikalizatuari buruz berba egiteko. Topaketan, Alberto Martinez osasun sailburuak, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari orokorrak, Koldo Berganzo Osakidetzako asistentzia sanitarioko zuzendariak, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eta Josune Escota alkateordeak parte hartu dute.
Udal iturriek jakinarazi dutenez, Osakidetzak 2026ko inbertsio planean sartu du Durangoko Gaitasun Handiko Osasun Zentroaren proiektuaren idazketa: "Gaur egun, zentro berriaren Plan Funtzionala zehazten ari da. Bertan zehaztuko dira zentro horrek izango dituen osasun-zerbitzuak, eta, horri esker, proiektua idazteko lizitazioa egin ahal izango da", esan dute. Bestalde, alde biak anbulantzia medikalizatua ipintzeko aukerez egon dira berbetan. Osasun Saila horretarako "dauden aukerak aztertzen" dabilela jakinarazi du udalak.
Elkoroiribe alkateak azaldu du osasuna "lehentasuna" dela udalarentzat, eta urratsak ematen jarraituko duela ahalik eta zerbitzu gehien durangarrengandik gertu egoteko.