Durangon erabakiko da saskibaloiko Euskal Koparen irabazlea

Joseba Derteano 2025ko ira. 19a, 13:00

Udaleko, Tabirakoko eta federazioko ordezkariak gaur udaletxean egindako aurkezpenean.

Irailaren 25ean, 26an eta 28an jokatuko dira partiduak.

Durangok emakumeen Euskal Kopa hartuko du beste behin. Hiru saskibaloi talde lehiatuko dira: Donostiako IDK Euskotren, Gasteizko Kutxabank Araski eta Lointek Gernika Bizkaia. Irailaren 25ean, 26an eta 28an jokatuko dira partiduak. Sarrera doakoa da.

Gaur aurkeztuko dute ekimena Durangoko udaletxean. Tabirako klubeko Alicia Gomezek eskerrak eman dizkio Euskadiko federazioari aurten ere Kopa Durangora ekartzeagaitik. Koparen 19. aldia da aurten eta euretako sei Durangon erabaki dira.

Hiru taldeen arteko lehia estua espero dute antolatzaileek. Denak goi mailako taldeak dira. Esaterako, Lointek Gernika Bizkaia Eurocup txapelketa lehiatzen ari da eta atzo 57-90 irabazi zuen PAS Giannina taldearen aurka.

ORDUTEGIA

Irailaren 25ean, 19:00etan, Landako kiroldegian:
  • IDK Euskotren - Araski
Irailaren 26an, 19:00etan, Landako kiroldegian:
  • Lointek Gernika Bizkaia - IDK Euskotren
Irailaren 28an, 12:00etan, Landako kiroldegian:
  • Kutxabank Araski - Lointek Gernika Bizkaia
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!