Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, Durangoko Arte eta Historia museoak bi jarduera antolatu ditu. Urriaren 30ean "Durangoko elizaren historia eta gatazkak' hitzaldia antolatu dute; museoan bertan egingo dute, 19:00etatik aurrera. Andra Mariko elizpearen 345 urteko historia aletuko du Oier Bizkarra Biritxinaga arkitektoak. Bestalde, urriaren 2tik azaroaren 16ra bitartean Andra Mariko elizpea, Durangoko bihotza erakusketa egongo da ikusgai museoan bertan. Bertan, Andra Mariko elizpeak historian zehar izan dituen erabilera ezberdinei buruz hitz egiten da, eta, beti ere, herriaren erdigune legez eduki duen funtzioa nabarmentzen du.