Afrikatik bidaia bat proposatuko duzu literaturaren bitartez.
Lehenengo egunetik metodologia berari jarraitzen diogu, eta, beraz, liburu piloa eta bibliografia luzea dago mahai gainean, eta bakoitzak hartzen ditu irakurri gura dituen liburuak; etxera eramaten ditu eta hurrengo saioan bueltatzen ditu, iruzkin txiki bat eginda. Behin hori esanda, ahozko literaturatik hasten dugu ikastaroa. Afrikako literaturaren % 80 inguru ahozkoa da eta hortik hasten gara; ahozko literatura analizatzen dugu, musika entzuten dugu... Egia esanda, ez dago erregistro handirik, eta ondoren idatzizkora pasatzen gara. Metodologia honegaz, gura den beste irakurtzea bermatzen da, eta klasean ematen den teoria literaturaren bitartez ikustea. Hau da, lotura izatea klasean ikusten dugun teoriagaz; adibidez, Afrikako ekonomiaz aritzen bagara, liburuetan ikusi daiteke gero. Honi lotuta, Afrika erabiltzen dugu, ez dagoelako nahikoa itzulpen egiteko; adibidez, emakume senegaldarren literaturari buruzkoa. Geroago eta itzulpen gehiago dago, baina oraindino ez nahikoa ikastaro oso bat emateko. Kontzeptu legez, badakigu Afrika ez dela estatu bat, kontinente bat da, eta badakigu herrialde bakoitzak bere ezaugarriak dituela, baina bateragarriak dituzten gauzak ikusteko egiten dugu, zelan osatzen den ikusteko.
Bakarra izan ez arren, zeintzuk ezaugarri ditu literatura afrikarrak?
Idatzizko literatura itzulia, gaztelaniaz heltzen dena, ze euskaraz askoz ere gutxiago dago, hizkuntza kolonoetan idatzia da, frantsesez eta ingelesez batez ere. Hau da, ez dute euren ahozko hizkuntzetan idazten. Beraz, ezaugarrietariko bat da euren estiloan ahozkotasunezko adierazpen pilo bat sartzen dutela. Horrek sentsazio berezi bat sortzen du, zu egon zaitezkeelako gaztelaniara itzulitako testu bat irakurtzen, baina wolof hizkuntzako adierazpenekin. Beste alde batetik, mendebaldekoa ez den beste kultura askogaz gertatzen den moduan, heriotzagaz duten hartu-emana, presentziekin eta hildakoekin duten hartu-emana guztiz desberdina da eta hori asko islatzen da euren literaturan. Oso azpimarragarria da ere, Afrikari buruz pentsatzerakoan, klixe piloa etortzen zaigula burura: pobrezia, umea amaren gainean eta abar; beste literatura guztietan legez, badago landa eremuari begiratzen diona, lurrari begiratzen diona, tradizioak indar handia duena, baina badago beste literatura afrikar bat hirian kokatzen dena, lanagaz zerikusia duena. Oso literatura anitza da. Batzuek klixeekin betetzen dute, eta beste batzuek ez, eta horrek asko zabaltzen du kontinenteari buruz dugun begirada. Aldi berean, hango emakumeen aldarrikapenak gureekin parekatu daitezke, oso antzerakoak direlako, beste modu batera edo beste zera batzuekin, baina, zelanbait, aldarrikapenak oso antzekoak dira.
Ezezagutzagaitik izan daiteke.
Guztiz. Klixeengaitik uste da Afrika horrelakoa dela, baina batzuk aberatsak dira, beste batzuk eskolara joaten dira, moderno janzten dira, beste batzuk tribalak dira, bidaiatu egiten dute... Mestizaje asko dago gainera, euretariko askok migratu egiten dutelako.
Wolofera aipatu duzu. Idazten dute euren hizkuntzetan?
Ezetz esango nuke. Euren hizkuntza presente dute, baina ingelesez ere asko egiten dute. Askotan guk ere gaztelaniazko esapideak sartzen ditugun moduan, eurek ere joera hori izaten dute idazten dutenean. Alde batetik, aldarrikapena da, eurena dena aldarrikatzeko sartzen dute, baita harridura sortzeko ere; ez beti, baina Afrikako literaturan asko ikusten da hori, irakurlearengan hori sortu gura dutelako. Eurenak diren ñabardura asko ematen dizkie hizkuntzak.
Durangokoa ez da ikastaro hau ematen duzun lehenengo aldia.
Iaz Eibarren eman nuen, eta Iurretan ere eman nuen orain urte batzuk. Urtero aldatzen da zeozer, liburu berriak publikatzen direlako.
Eta zelako harrera izaten dute parte hartzaileen artean?
Zortekoa naiz, nire lana asko gustatzen zaidalako. Gainera, etortzen diren gehienak emakumezkoak dira, irakurtzea asko gustatzen zaie, eta baita gure metodologia ere. Harrapatuta sentitzen dira, zelanbait, klasean ikusten dugun teoria liburuetan ikusten dutelako gero. Lehen esan dudan moduan, oso estimulatzailea da hori. Oso predisposizio zabala dute eta proposatzen diedan ia denari baietz esaten diote. Orokorrean, ikastaroetan horrela dela esango nuke, baina Afrikako literaturak, batez ere, asko harritzen gaitu, ez dugulako ezagutzen. Chimamanda Ngozi Adichie ezagun egingo zaigu beharbada, baina oso autore gutxi ezagutzen dugu eta ez dugu hango idiosinkrasia ezagutzen. Haien aniztasuna harrigarria da, zelako edertasunagaz idazten duten, eta, beraz, gure saioak oso estimulatzaileak dira. Irakurketei eskerrak, burua eta bihotza pizten zaizkigu.
Chimamanda aipatu duzu. Afrikako literaturetan sakondu gura duenak, nondik jo dezake?
Oso bibliografia luzea dugu eta elkarregaz analizatzen dugu klasean, gainera. Kasu batean, denok irakurtzen eta aztertzen dugu liburu bat: Hain gutun luzea, Mariama Ba egile senegaldarrak 1979an idatzi zuena. Euskaraz dagoen bakarrenetarikoa da. Buchi Emecheta ere garai hartakoa da, klasikoagoa.