San Faustoko auzo elkartea eta Nevers izango dira Durangoko jaietako txupinero

Ekaitz Herrera 2025ko ira. 17a, 11:50

Endika Madinabeitia durangarraren kartelak iragarriko ditu jaiak.

Durangoko Udala eta jai batzordea aurtengo jaien xehetasunak argitzen hasi dira apurka-apurka. Goiz honetan, txupinazo nagusia eta txikia botako duten eragileak jakinarazi dituzte. San Faustoko auzo elkarteak botako du lehenengoa, eta ekitaldi berezia izango da inondik ere, elkarteak bere 50. urteurrenagaz botako du-eta txupina. Auzo elkarteko kideak pozarren agertu dira jai batzordearen eta udalaren eskaintzagaz: “Izan ere, gure auzoko eta udalerriko jaiak dira. Pozarren gaude txupina botatzeaz”. Elkarteko kideak izaten dira, hain zuzen ere, Patxikotxu urtero sortzeaz eta txupinazoan udaletxeko balkoira garraiatzeaz arduratzen direnak. Halaber, jai batzordeko kideak ere badira auzo elkartekoak.

Umeen eguneko txupina Nevers ikastetxeak botako du. Urtero legez, herriko ikastetxe batek izaten du txupina botatzeko betebeharra, eta haiei egokitu zaie aurten. Ikastetxeko ikasle ordezkariak irribarrea ezkutatu ezinda egon dira agerraldian: “Irrikitan gaude jaiak hasteko”. Era berean, sanfaustoak “pozik, errespetuz eta aniztasunez” ospatzera deitu dute. Mireia Elkoroiribe alkateak ere bere egin ditu berbok. Jai “seguru, lasai eta berdinzaleak” ospatzea eskatu du. "Balio bezate jaiek harrotasun durangar hori alaitasunez, irribarrez, dantzan eta elkarri lagunduta ospatzeko”. 

Etxean bezala kartelean

Goizeko agerraldiak hirugarren izen bat ere utzi du: Endika Madinabeitia durangarra. Bera izan da aurtengo sanfaustoak iragarriko dituen kartelaren egilea, lehiaketa irabazita. ‘Patxikotxu eta Pantxike goitik begira’ du izena lanak, eta bertan islatu ditu durangarren jai giroa, herriko koloreak eta jaietako pertsonaia bien begirada. 

Jesica Ruiz zinegotziak jai batzordeko kideen lana eskertu du, eta gaineratu du datorren astelehenean, irailak 22, aurkeztuko dutela egitarau osoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!