Birgaitze lanak amaituta, Aramotz auzoak ingurune berritua estreinatuko du zapatu honetan. Udalak, erakundeetako ordezkariek, auzo elkarteek eta herritarrek 12:00etan egingo dute inaugurazio ekitaldi ofiziala, Opengela deritzon eraikinaren aurrean. Egitarauan musika, dantza, auzo berritua ezagutzeko bisita gidatua eta luntxa egongo dira.
Aramotz Berritu proiektua udalak bultzatu du azken urteotan, Europako Next Generation funtsen laguntzagaz eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailagaz lankidetzan. Proiektuari eskerrak goitik behera berritu dute auzoa: berdegune berriak sortu eta eremua modernizatzeaz gainera, igogailuak ipini dituzte etxebizitzetan. Auzoaren eraldaketa hiri-berroneratze jasangarriari eta parte hartzaileari zor zaiola esan du udalak. Herritar guztiak animatu dituzte irekiera ekitaldian parte hartzera.