Durangaldea-Palestina dinamikak 'Ibaitik itsasora' mobilizazioarekin bat egingo du Hendaian

E.H. 2025ko ira. 16a, 09:53

'Ibaitik itsasora' martxa Nafarroa zeharkatzen dabil egunotan. (Argazkia: Ibaitik itsasora)

Palestinaren aldeko 'Ibaitik itsasora' martxa Tuteratik abiatu zen irailaren 10ean, eta Hendaian amaituko da zapatu honetan. Durangaldean, autobusa antolatu dute Lapurdiko udalerrira joan eta martxari atxikimendua adierazteko. 

Ibaitik itsasora elkartasun eta salaketa ibilaldia Euskal Herria zeharkatzen dabil egunotan, Erriberatik kostaldera. Martxa zapatuan ailegatuko da helmugara, Hendaiara, eta egun osoko jardunaldia egingo dute han, Palestinaren kontrako genozidioa salatu eta elkartasun sareak josteko. Hori dela eta, Durangaldea-Palestina dinamikako kideek autobusa antolatu dute ibilaldi bukaerara joateko. 

Autobusak hainbat geldialdi egingo du eskualdean. Zornotzatik irtengo du 8:00etan, eta Durangoko Madalenara ailegatuko da 8:10ean. Gero, Ermura egingo du. Ermuarrak 8:20an igoko dira autobusera, Agirre kirolak establezimenduaren parean. Hendaiarako bidea hartuko dute handik.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, autobusak 19:00etan egingo du Hendaiatik Durangalderako itzulera. Izen emateak durangaldeapalestina@gmail.com helbide elektronikoan egin daitezke. Joan-etorriaren prezioa jende kopuruaren araberakoa izango da, 12-16 euro bitartekoa gutxi gorabehera. Izena emateko azken eguna irailaren 17a da. 

EGITARAUA HENDAIAN

  • 9:30 Martxari ongietorria eta hitz-hartzea mugari buruz (Etorbidearen zubia, Santiago zubia)
  • 10:45 Salaketa eta elkarretaratzea Carrefour saltokian
  • 13:00 Heltzea itsasoan: Hitz hartzeak (Palestinar erbesteratuak / Konplizitateen kontrako borrokak Euskal Herrian / Elkartasunen errepresioa)

Bazkaria: norberak kudeaturikoa

Arratsaldean:

  • 'Palestina 50 urte potretetan' liburuko testu irakurketak eta aurkezpenak (Sabri Giroud)
  • 'Flo Talkie Walkie' ikuskizun tragiko komiko poetikoa
  • Bertsolariak
  • Kontzertua: Xiberoots
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!