"Gero eta jende gehiago animatzen da irakurketa klubetara, hori dela eta, beste gai batzuk jorratzen dituzten taldeak sortzea pentsatu genuen", azaldu du Esti Albizu Bizenta Mogel Bibliotekako arduradunak. Zinergiak taldea Ainhoa Olaso zinegile durangarrak dinamizatuko du. "Ainhoa Olasok Durangoko Zine kluba ere antolatzen du, eta bere ezagutzagaz eta han sortzen den giroagaz elkarren osagarri izan daitezke", azaldu du Albizuk. Bestalde, helduentzako filosofia tailerra ere eskainiko da, umeegaz egiten duten bezala, kritikotasuna lantzeko. "Miren Camisonek eskainiko du; aditua da, eta proposatu genionean pozarren onartu zuen". Amaitzeko, Emakume afrikarren literatura ikastaroa ere antolatu dute aurten, nobedade bezala; Ainhoa Aldazabalek gidatuko du. "Hilero saio bat egongo da; Ainhoak ibilaldi bat proposatuko du, hainbat liburu abiapuntu hartuta. Oso interesgarria izango da".
Jardueren ordutegi, datari eta izena emateari buruzko prozesuari buruzko informazio guztia Durangoko Udalaren webgunean dago.