Durangoko Udalak lehiaketa publikora artera du trenaren trazadura zaharra bide-berde bihurtzeko proiektua. Egitasmo horrekin, Ermodo eta Olleria kaleen arteko eremuak atonduko dituzte: ia 1.200.000 euroko inbertsioa egingo dute erdiguneko 570 metro oinezkoentzako eta bizikletentzako egokitzeko. Trenbideko elementu zaharrak botako dituzte, hala nola itxitura hormak, eta 2.260 metro karratuko berdegunea ipiniko dute.
Era berean, proiektuak Mañaria errekaren gaineko metalezko zubia zaharberritzea aurreikusten du, eta oinezkoentzako eremua atonduko dute Ermodo eta Matxinestarta artean. Azkenik, Olleria aldeko pasabideak, espaloiak eta bidegorriak berrantolatuko dituzte. Puntu horietan aparkalekuak ere berrantolatuko dituztela iragarri du udalak.
Mireia Elkoroiribe alkateak azpimarratu duenez, trazadura zaharra egokitzeko fase hau "erabakigarria" da trena lurperatu osteko lurretan "erabateko integrazioa lortzeko". "Lizitazio honekin, funtsezko urrats bat ematen dugu gune degradatu bat ardatz berde eta bizikidetza esparru bihurtzeko, auzoak lotuko dituena, mugikortasuna hobetuko duena eta Durangoko bizi kalitatea indartuko duena", gaineratu du.
Udalak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) 2024ko apirilean sinatu zuten trazadura zaharra lagatzeko hitzarmena. Gogorarazi dutenez, Durangok 9.300 metro karratuko azalera libratu zuen trenbidea lurperatu eta gero.