"Banuen kezka lehengora bueltatzeko kapaz ote nintzen"

Joseba Derteano 2025ko ira. 13a, 10:30

June Arbeo (1999, Durango) domina bat baino gehiago irabazitakoa da Espainiako txapelketako beheko mailetan. Baina abuztuan Tarragonan lorturiko zilarrak zapore berezia du, maila absolutuan eskuratzen duen lehenengoa delako. 3.000 metroko oztopodun proban eskuratu zuen, bere modalitate kutunean. Oporretatik bueltan, denboraldi berria prestatzen hasiko da Universidad Leon Sprint Atletismo taldean dabilen atleta durangarra. 

Itxaroten zenuen dominen borrokan aritzea?
Podiumean sartzeko helburua nuen, bai. Denboraldi hasieratik nuen helburu hori. Aurreko hileetan zenbait lesio izan nuen, eta denboraldiko txapelketak ez ziren nik gura nuen moduan irten, baina banekien Espainiakora sasoi onean heltzen nintzena. Gero, ondo egon arren, lasterketan bertan gauzak ondo irten behar dira, eta, zorionez, dena ezin hobeto joan zen. Oso pozik nago. 

Zure denbora 10.02,52 izan zen, proba horretan duzun denborarik onenetik urrun: 9.44,83. Ez zen lasterketa azkarra izan. 
Ez, hasieran erritmoa nahiko motela izan zen. Egia esanda, lasterketa aurreikusita nuen moduan joan zen. Marta Serrano irabazleak maila handiagoa du, eta, itxaroten nuen lez, hasieratik bakarrik egin zuen aurrera. Nik gurago izan nuen neure erritmora joan gainerakoekin. Neure burua zelan zegoen ikusi gura nuen. Eroso sentitu nintzen eta lasterketa erditik aurrera erritmoa bizitu nuen. Horri eskerrak lortu nuen domina.

Iazko denboraldian ia ezin izan zinen lehiatu. Zer gertatu zitzaizun?
Iaz tiroideetan gaixotasun bat detektatu zidaten. Urte osoan botikak hartzen ibili nintzen eta ezin izan nintzen entrenatu eta lehiatu. Orain errekuperatuta nago, baina 2025a apur bat arraroa izan da. Txapelketetara gogo handiagaz joan naizen arren, hainbeste denboran kanpoan egonda kosta egiten da erritmoa hartzea eta txapelketei neurria hartzea. Ondo joan da, baina momentu batzuk ez dira errazak izan. 

Geldialdiaren aurreko mailara helduko ote zinen kezka izan duzu momenturen batean?
Bai, kezka hori egoten da, normala den moduan. Ez nekien gorputzak zelan erantzungo zidan, medikazioaren ondoren zelan egongo nintzen. Gainera, norbera geldirik dagoen bitartean, gainerakoak geroago eta marka hobeak lortzen dabiltzala ikusten duzu, eta, jakina, dudak sortzen zaizkizu. Beraz, banuen kezka lehengora bueltatzeko kapaz ote nintzen. Zorionez, denboragaz eta lan eginda posible dela ikusi dut. 

Zeintzuk helburu dituzu denboraldi berriari begira?
Denboraldi berriari begira ez dut helburu zehatzik ipini. Lehiatuz gozatzea, horixe gura dut aurten, emaitzarik onenak modu horretara lortzen ditudala ikusi dut eta. Kontrakoa gertatu zitzaidan aurreko denboraldi hasieran. Apur bat gogaituta sentitu nintzen. Hainbeste denboran lehiatu barik egon eta gero, neure buruari presioa sartu nion eta orduantxe izan zen gauzak txartoen irten zitzaizkidan momentua. Gerora, apurka erlaxatzen joan naiz, gauzak beste modu batera hartu ditut, eta orduan ibili naiz ondoen. Nire betiko filosofiara bueltatu naiz. Betidanik, gustatzen zaidalako ibili naiz atletismoan. Neure marka hobetu badezaket, aurrera, eta domina bat irabazten badut, zoragarri, baina egiten dudanaz gozatzea izan da beti inportanteena. 

Prest duzu ikasturte honetarako egutegia?
Oraingoz ez. Oraintxe bueltatu naiz oporretatik. Beraz, lehiako errutinan apurka sartzea dut helburu. Azaroan krosak hasiko dira eta horiek prestatuko ditut. Horik aurrera, ikusiko dugu denboraldia zelan egituratu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!