Askotariko tailerrek, berbaldiek eta irteerek osatuko dute egitaraua, eta arreta berezia jarriko dute gazteengan. Hori horrela, Don´t be Dummy bide-hezkuntza saioa eskainiko diete ikastetxeetako ikasleei. Irailaren 17an egingo dute programa hori, jardunaldi bitan. 10:30ean izango da lehenengoa; 12:00etan, bestea.
Bestalde, datorren asteburuan, adin guztietarako jarduerak antolatuko dituzte. Zapatuan, irailak 20, Mountain Bike, skate eta bizikleta zirkuituak egongo dira Zumalakarregi kalean (Ezkurdi), baita bizikleta mantenuari buruzko tailerrak ere. Era berean, Joxe Miel Barandiaran kalean beste hainbat ekintza egongo dira: bizikleten margoketa, eskulanak, talo tailerra, egurrezko jokoak eta xakea. Domekan, Zumalakarregi kalean, 3x3 saskibaloi txapelketak jokatuko dira, 9:00etatik 15:00etara.
Mireia Elkoroiribek Mugikortasun Astearen garrantzia nabarmendu du: "Aukera paregabea da gure herritarrak mugikortasun-ohiturak aldatzeko beharraren inguruan sentsibilizatzeko, eta garraio-modu jasangarriagoak hartzera bultzatzeko, hala nola bizikletaren erabilera edo oinez ibiltzea". Halaber, mugikortasun aktiboaren aldeko politikak azpimarratu ditu Elkoroiribek, hala nola Bizipark zerbitzua, bidegorri sarea eta bizikletaren eguneroko erabilera.
Mugikortasun Astean esku hartuko duten eragileen artean, Zuresku, Berbaro, Larrasoloeta Xake Taldea, Txita, Atik Skatepark taldea, Stop Bide Indarkeria, Duranguesa Txirrindulari Elkartea eta Tabirako Saskibaloi taldea daude.