"Beharrezkoa da suizidioaz epairik bako foroetan berba egitea"

Ekaitz Herrera 2025ko ira. 12a, 09:30

Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Egunagaz bat eginda, Durangoko Udalak hainbat ekintza antolatu du Aidatu elkartearen laguntzagaz. Monika Salgueiro Macho (Bilbo, 1982) elkarte horretako kidea da. Suizidologia du ikergai, eta suizidioa prebenitzeko neurriak eta ezagutza dibulgatzen ditu elkartearen eskutik. Horrez gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko psikologia fakultateko irakaslea da eta suizidioaren prebentziorako graduondokoan esku hartzen du. Hilaren 27an Durangoko Zugaza zineman egongo da berbaldia ematen. Zineforuma egingo dute Jon Sistiagaren Tabú: y al final, la muerte... huida pelikula ardatz dutela, eta filmaren amaieran emango du berbaldia, Lorena Martin psikologoagaz batera. Jardunaldia 11:00etan hasiko da. 

Joera suizida duzu ikergaietariko bat. Zer dakigu joera horri buruz? 
Uste dugun baino gehiago dakigu, baina oraindino ez da nahikoa. Gaiari buruz berba egiterakoan, gutariko gehienoi 'suizidioak' datozkigu burura, 'suizidio bidezko heriotzak', baina joera suizida hori baino fenomeno askoz globalagoa da, konplexuagoa, faktore asko duena. Eta hor ez daukagu kausa argirik edo ezagunik; hain zuzen ere, askotariko oinarriak daudelako atzean: norbere buruaz beste egiteko ideia, autolesioak, suizidio saiakerak edo sufrimendu jasangaitzen bat suizidioagaz konpondu daitekeela pentsatzea egon daitezke horren guztiaren atzean. Horregaitik diot, suizidioa bera baino askoz zabalagoa dela joera suizida. 

Badago patroirik? Suizidioak badu ezaugarri zehatzik?
Ez dago profil zehatzik, baina arrisku faktore asko bai; identifikatuta ditugu. Adibidez, gizonezkoetan emakumeetan baino gehiago gertatzen da, nahiz eta emakumeek suizidio ahalegin gehiago egin. Adina ere arrisku faktorea da, suizidio tasa askoz altuagoa delako pertsona oso adindunetan. Biztanleria-dentsitate txikiko inguruetan, isolamendu gehiago eta hartu-eman komunitario gutxiago egotera, arrisku faktoreak gora egiten du. Beste kasu batzuetan, osasun egoeraren gainbehera, desegituratutako familiak edo iraganeko kontsumo ohiturekin loturiko bizipenak daude. Edozelan ere, ezin gara sinplekerian jausi. Ezin dugu esan faktore hauek suizidiorako kausa zuzena direnik. Izan ere, oso erraz barneratu dugu joera suizida osasun mentalari loturiko arazoa dela dioen ideia. Aurreiritzi horretan geratu garela dirudi. Alabaina, horrek ez du esan gura osasun mentaleko arazoren bat dutenak suizidio bidez hilko direnik, ezta suizidio bidez hil diren guztiek osasun mentaleko arazoren bat zutenik ere. Urrutirago begiratu behar dugu. Barneratu behar duguna da suizidioa ez dela arazo indibiduala, pertsona horri loturiko zerbait.      

Posible da suizidio arriskua detektatzea? Badago seinalerik?
Badakigu euren buruaz beste egin dutenek edo hori egiten ahalegindu direnek etsipen bolada sakona igaro dutela aurretik, sufrimendu psikologiko handia izan dutela. Askotan, pertsona hori bere buruaz beste egitera zerk eraman duen jakiteko bulkada izaten dugu, erantzunak bilatzekoa, baina ez dugu kausa argirik identifikatzea lortu. Dakiguna da kasu askotan alarmarako seinaleak egoten direla. Batzuetan, oso aitorpen argiak dira. Adibidez, bizitzeaz nekatuta dagoela adieraztea, heriotzari buruz modu orokorrean berba egitea, despedida modukoak egitea, balio handiko objektuak entregatzea, sare sozialetako kontuak ixtea edo despedida itxurako mezuak publikatzea. Beste batzuetan, jokabide kontraesankorrak izan daitezke alarmarako seinale. Adibidez, bolada triste eta txar bat igaro duena halako batean primeran eta zoriontsu aurkeztea. Izan ere, gertatu daiteke pertsonak erabakia jada hartuta izatea eta sufrimenduari amaiera emango diola jakiteak bere aldartea arintzea. Edozelan ere, gauza bat oso garbi izan behar dugu: alarma seinale horiek detektatzen ikasi dezakegu, bai, baina kontuan hartuta kasu guztietan ez dagoela alarmarako seinalerik. Eta hori behar den moduan ulertzen ez badugu, pertsona horren ingurukoak kulpabilizatzen ibiliko gara, "ez zinen ezertaz konturatu?", "ez zenuen ezer sumatu?" eta antzekoak galdetuta. Ez gaude prestatuta horiek aurreikusteko, eta horretarako tresnak izanda ere, kasu guztiak ezin dira aurreikusi. 

Zelan hasi beharko ginateke suizidioari buruz berba egiten?
Joera suizida estigmaz inguratuta dago eta guk beldur moduko bategaz bizi dugu. Gurago izaten dugu ez begiratu. Eta beldur hori dela eta, oraindino jende askok uste du hobe dela berbarik ez egitea, gaia saihestea. Baina badakigu jakin isiltasunak ez duela laguntzen, kontrakoa baino: tabua handitzeaz gainera, laguntzarako espazioak murrizten ditu. Izan ere, baten bati barru-barrutik eta bene-benetan zelan dagoen galdetuta, "ez zaitut ondo sumatzen", "berba egitea gura duzu?" edo "baxu igartzen zaitut" adierazita, entzuteko prest gaudela adieraziko diogu. Beharbada ezingo dugu arazoa konpondu, agian ez delako pertsona horrek behar duena. Sufritzen dabiltzan pertsonek sufrimendu hori aitortu gura izaten dute askotan, txarto daudela ulertzea, eta min horretan bidelagun izatea. Haren sufrimenduan presente egoteak, laguntzeak, bakardade sentipena arintzea ekarri dezake. Keinu txikia izan daiteke guretzat, baina zerbait handia harentzat. 

Zergaitik kostatzen zaigu laguntza eskatzea eta laguntza ematea?
Normalean, baten bat molestatuko dugula pentsatzen dugulako. Sufrimenduari amaiera zelan eman pentsatzen dabiltzanek, ondokoarentzat karga moduko bat direla sentitzen dute. Eurek barik aldamenekoak hobeto egongo direla pentsatzera heldu daitezke. Pertzepzio horrek sentimenduak bahitzen ditu, eta horrek oztopatzen du, hain zuzen ere, laguntza eskatzea. Bestalde, baten batek txarto dagoela adierazten digunean, arazoa minimizatzeko joera izaten dugu, nahiz eta jokabide hori asmorik onenagaz egin. Txarto dagoenari borondaterik onenagaz "animatu zaitez" edo "ez da hainbesterako izango" esatea ez da lagungarria izaten. Izan ere, konturatu barik, honako mezu hau helarazten ibiliko gara: "zure mina ez da nahikoa". Eta ez gara konturatzen pertsona horrek bere esku dagoen guztia egin duela zulotik irteteko. Askotan ez dugu beharrezko tresnarik izaten aholkuak behar den moduan emateko. Horixe da, hain zuzen ere, ikasi behar duguna. Askotan ez dute aholkurik gura, ondoan egotea, ulertzea eta laguntzea baino.

Lagunartean, familian, gure egunerokotasunean, zelan tratatu beharko genuke suizidioa?
Konplexua da, mundu guztiak ez dauka-eta berba egiteko erraztasunik. Eta ez nabil suizidioari buruz bakarrik. Jende askori kostatzen zaio heriotzari eta sufrimenduari buruz berba egitea. Gaiok saihestu egiten ditugu, nahiz eta bizitzan halako egoerei aurre egin beharko diegun. Suizidioari dagokionez, nahiko frogatuta dago auzia guk uste dugun baino presenteago dagoela gure inguruan. Batzuetan norbait gertukoa izango da, eta urrutiagokoa, ezagunen bat beste batzuetan. Baina gaia mahai gainean ipintzeak eta errealitatearen zati modura aurkezteak elkarrizketak sortzen laguntzen du. Gatxa da, baina behin gaia zabalduta, jendeak oztopo gutxiago izaten du suizidioaz berba egiteko. Nahikoa frogatuta dugu hori. Oso beharrezkoa da suizidioaz epairik bako foro horietan berba egitea. 

Eta kontrakoa: zelan ez tratatu suizidioa gure eguneroko elkarrizketetan?
Azkenaldian, suizidioaz berba egiteko mezua gizarteratu dugu, baina sentsazioa dut ez ote dugun mezu hori gehiegi higatu. Suizidioari buruz berba egin bai, baina egin dezagun ganoraz, patxadaz, behar den moduan. Komunikabideetan urte askoan beldurra egon da suizidioaz berba egiteak ez ote duen "dei efektua" ekarriko. Orain badakigu berba egiteagaitik ez dagoela dei efekturik. Kontrara, gaia modu desegokian lantzeak ekarri dezake arriskua. Adibidez, pertsona batek bere buruaz beste egin duela gertaera modura komunikatzen badugu, albiste horrek txutxu-mutxu izaera hartuko du, eta mezu arriskutsua helaraziko diogu kolokan dagoenari: "Berak zuloan egonda hori egin badu, ni ere ezingo naiz irten zulotik" pentsatuko du, zelanbait. Suizidioa tratatzean ezin gara sinplekerian jausi. Bestalde, baten bat suizidio bidez galdu dutenek hiru galdera errepikakor jasotzen dituzte ingurukoen partetik. Euretariko bat "Zein modutan egin du?" izaten da. Galdera horrek ez die ingurukoei batere laguntzen. Beste galdera bat hau izaten da: "Zergaitik egin du? Zerk eraman du horretara?". Eta beste bat hau: "Ez zenuten ezer igarri?". Azken horrek kondena bat, erruduntasuna ezartzen dio gertukoari. Heriotza hori ekidin zezakeela iradoki eta erruduntasuna sentiarazten diogu inplizituki. 

Suizidioari aurre egiteko estrategia aldaketak, hau da, berba ez egitetik gaiari buruz behar den moduan berba egitera igarotzeak, lagundu al du kasuak gutxitzen?
Datu gordinak ikusten baditugu, kopuruak ez du behera egin, igoera leun bat izan baitugu azken urteotan. Espainiako estatuan 4.000 herritarrek baino gehiagok egin zuten bere buruaz beste 2023an. Baina laguntza eskatu dutenen kopuruari erreparatzen badiogu, igoera dago. Egia da ez dugula kopuru orokorra txikitu, baina pentsa dezakeguna da laguntza baliabide horiek ipini izan ez bagenitu, beharbada suizidio kopurua handiagoa izango litzatekeela. Koronabirusaren ondorengo urteetan, logikak esaten zigun suizidio kopuruak gora egingo zuela nabarmen. Eta ez da horrela izan. Hala ere, ez gabiltza gure helburua betetzen: Munduko Osasun Erakundeak suizidio tasa % 30 murriztea eskatu zuen 2030erako, eta ez gaude bide horretan. Tresna asko gabiltza martxan ipintzen, baina oraindino ez dugu horien eraginkortasun maila neurtu.

Datuak Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara ekarrita, egun birik behin herritar batek bere buruaz beste egiten du Euskal Autonomia Erkidegoan. 
Halantxik da. Euskadin, gutxi gorabehera, 180 herritarrek egiten du bere buruaz beste urtean. Kasurik gehienak Bizkaian izaten dira, baina logikoa da, biztanleriarik gehiena herrialde horretan dagoelako. Erdialdean dago Gipuzkoa, eta atzean Araba. Kopuru handia den arren, zenbaki egonkor samarra da, eta baxuena Espainiako estatuko gainerako erkidegoekin alderatuta. Asturiasen dute tasarik altuena, eta tasa altuak dituzte baita Andaluziako zonalde zehatz batzuetan eta Galizian ere. Biztanleria dentsitate txikiko eremu geografikoek hainbat klabe eman dezakete, hartu-eman sozialak eta hartu-eman onuragarriak izateko garrantzia, hain zuzen ere.  

Laguntzarako hainbat bide

Instituzio publikoek eta suizidioaren prebentzioan esku hartzen duten elkarteek hainbat bitarteko dute herritarrei laguntza eskaintzeko. Monika Salgueirok horietariko batzuk gomendatu ditu. Euretariko bat 024 telefono zenbakia da, Espainiako Osasun Ministerioak kudeaturikoa. Egunero-egunero eskaintzen dute arreta, eguneko 24 orduetan. Zerbitzua anonimotasunez eskaintzen dute, telefono deien zerrendan arrastorik utzi barik, eta doan. Telefono horretara behea jota daudenek zein behea jota dagoenagaitik kezkatuta daudenek jo dezakete orientazio eske. Telefono zenbaki horrek txat zerbitzua ere badu.

Bestalde, Osakidetzak Osasun Aholkularitza zerbitzua eskaintzen du 900 203 050 telefonoan. Hori ere 24 orduz eskaintzen dute, asteko zazpi egunetan. Eta Aidatu elkarteak aidatu.org ataria du. Bertan, askotariko informazioa eta laguntza helbideak eskaintzen dituzte. Euskal Herriko beste elkarte bat Biziraun da. Suizidioak mindutako herritarren elkartea da. Elkarri laguntzeko taldeak antolatzeaz eta dinamizatzeaz gainera, berbaldiak ere ematen dituzte. Biziraunegaz hartu-emanetan ipini gura duenak info@biziraun.org helbide elektronikora idatzi dezake. Nafarroan, Besarkada elkartea dago (info@besarkada-abrazo.org

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!