Indarkeria matxista prebenitzeko jarduerak diruz lagunduko dituzte Durangon

E.H. 2025ko ira. 10a, 07:30

Udalak 15.000 euro bideratuko ditu herriko elkarteek indarkeria matxista prebenitzeko edo genero berdintasuna bultzatzeko helburuz antolatu ditzaketen programak laguntzeko. 

Orain arte, euskara, kirola, kultura edo gizarte ekintza sustatzeko diru-atalak ipini ditu udalak herriko elkarteen eskura, eta aurrerantzean, arlo berri bat gehituko diote zerrenda horri: berdintasuna. Durangoko Udalak 15.000 euroko poltsa sortu du herriko elkarteren batek berdintasuna sustatzeko edo indarkeria matxistari aurre egiteko proiekturen bat aurkeztuko balu, diruz laguntzeko.  

Jesica Ruizek nabarmendu duenez, lehenengo aldia da udalak berdintasunaren arloko dirulaguntza hori eskaintzen duela. Gaineratu duenez, momentuz, ekitaldi honetako -2025eko- proiektuak lagunduko dituzte, hala orain arte antolatu izan daitezkeenak nola datozen hilabeteetan antolatu litezkeenak. 

Eska daitekeen gehienezko dirulaguntza 5.000 eurokoa izango da. Elkarteek Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan egon beharko dute izena emanda, eta jarduerak Durangon antolatuta egon beharko dira. Proiektuak aurkezteko epea urriaren 31n agortuko da. Eskabideak udalaren egoitza elektronikoan egin behar dira. Ruizek iragarri du 2026an laguntzei eutsiko dietela, eta deialdia goizago kaleratuko dutela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!