Emakume artistak, antzerki laborategia eta eskalada, Durangoko Jabekuntza Eskolako nobedadeetan

Ekaitz Herrera 2025ko ira. 9a, 12:01

Kety Arrabal, Jesica Ruiz eta Nagore Uribe-Etxebarria.

Durangoko Andraguneak Jabekuntza Eskolako ekintza-sortaren berri eman du. Ikasturte honetako programazioan, arrakastarik handieneko ekintzei eutsi diete, eta proposamen berriak jaso dituzte. Herritarrek irailaren 22ra arteko epea izango dute ikastaroetan eta tailerretan inskribatzeko. 

Durangoko Udalak ikasturte honetako Jabekuntza Eskolako eskaintza aurkeztu du goiz honetan. Jesica Ruiz berdintasun zinegotziak eta Andraguneko Kety Arrabal eta Nagore Uribe-Etxebarria teknikariek eman dituzte xehetasunak. Erabiltzaileen inkestak aintzat hartuta eratu dute egitarau berria, eta eskaintza "praktikoa" eta "egokitua" osatu dutela esan du Ruizek. Azaldu dutenez, zazpi bloketan bereizi dituzte ekintzak: emakumeen nortasuna eta subjektibotasuna landuko dute ekintzetariko batzuekin; gizartean eta politikan parte hartzeko bideak eskainiko dituzte beste batzuetan, eta kultura berri bat sortzeari buruzko jardunaldiak ere landuko dituzte. Era berean, osasunari eta generoari erreparatuko diote, baita  emakume migratzaileei ere. Azkenik, emakumeen autonomia eta ahalduntze teknologikoa lantzeko ikastaroak eskainiko dituzte. 

Ruizek gaineratu duenez, emakume gazteak ekintzetara gerturatzea izango da aurtengo erronketariko bat. "Egia da ekintzetan adin jakin bateko emakumeen profila gailentzen dela. Oraingoan, ahalegin berezia egingo dugu emakume gazteak gerturatzeko", azaldu du. Hori horrela, emakume gazteentzat beren-beregi prestaturiko ekintza programatu dute: eskalada. 12-24 urteko neskentzat izango da. Edozelan ere, Ruizek argitu du Jabekuntza Eskolako ikastaro guztiak zabal-zabalik daudela adin guztietako emakumeentzat, izan gazte zein heldu. 

275 parte hartzaile iaz

Aurreko ikasturtean, 275 emakumek parte hartu zuten Jabekuntza Eskolako ikastaroetan, eta beste asko itxaron-zerrendan geratu ziren, ekintza batzuen arrakasta dela eta. Autodefentsa feministari buruzko tailerrari dagokionez, iaz zen talderik eratu, baina ekintza indarrean mantendu dute, talde eskatzaileren batek hala nahiko balu, eskaintzeko prest agertu dira eta. 

Ruizek herritarrak animatu ditu ekintzetan izena ematera. Durangarrek irailaren 22ra arteko epea izango dute tailerretan inskribatzeko. Matrikulazioak aurrerago egin beharko dira, irailaren 29tik urriaren 3ra bitartean. Ekintzetako egutegiak eta ordutegiak Andragunean kontsulta daitezke. 

2025-2026 IKASTURTEKO ESKAINTZA

Ikastaroak eta tailerrak

  • Autodefentsa feminista (talde-eskera egonez gero eskainiko dute. Zortzi emakume gutxienez)
  • Antzerki laborategi tailerra (ele bitan)
  • Biodantza (euskaraz)
  • Yo, identidad consciente a través de la música (gaztelaniaz)
  • Autobiografía: lo personal es político (gaztelaniaz)
  • Gozatu kantatzen (euskaraz)
  • Liderando nuestras emociones (gaztelaniaz)
  • Lo que mi voz callaba (gaztelaniaz)
  • Jendaurrean hitz egiteko teknikak (euskaraz)
  • Emakume artistekin jolasean (euskaraz)
  • Jugando con las mujeres artistas (gaztelaniaz)
  • Gambito de Dama (gaztelaniaz)
  • Eskalada neska gazteentzat (euskaraz)
  • Txalaparta (euskaraz)
  • Chi Kung (euskaraz)
  • Raprender a reír (gaztelaniaz)
  • Renacer en el cambio: claves para vivir de forma plena la perimenopausia y la menopausia (gaztelaniaz)
  • Mujeres migradas (gaztelaniaz)
  • Manos a la luz (gaztelaniaz)
  • Finanzas, ¿nosotras? (gaztelaniaz)
  • Arrakala digitalari aurre egitea (ele bitan)
  • Alfabetatze teknologikoa (ele bitan)
  • Emakumeak sarean (ele bitan)

Bestelako ekintzak eta berbaldiak:

  • Alimentación en menopausia
  • Asteburuko mendi irteerak
  • Batudamak
  • Zineforum feminista
  • Emakumea, berdintasuna eta kirola
  • Emakumeak Korrika Taldea
  • Irakurketa talde feminista (euskarazko eta gaztelaniazko taldeak)
  • WikiEmakumeak
  • Indarkeria matxista jasan duten emakumeentzako taldea
  • Kulunkari elkartea. Edoskitze taldea
  • Andrajozak batukada

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!