Durangoko Udalak adinekoentzako 17 ikastaro antolatu ditu Hurrean bizi, auzoetako tailerrak programaren barruan. Zahartze aktiborako hamazazpi proposamen dira, psikomotrizitatea, memoria, autoestimua, oinarrizko informatika, smartphone gailuen erabilera, ongizate emozionala, memoria edo erorikoen prebentzioa lantzea helburu dutenak. Durangoko hainbat auzotan eskainiko dituzte tailerrok, nobedade modura, baita Tabiran ere. Gainera, ohi bezala, Aramotzen, San Fauston, Erdigunean eta Madalenan ere eskainiko dituzte saioak. Jesica Ruiz adinekoen zinegotziak adierazi duenez, udalak "lanean" jarraitzen du, "auzoetara baliabide gehiago zabaldu ahal izateko".
Aurreinskripzioa irailaren 22ra arte egongo da zabalik, eta interesdunek irailaren 29tik urriaren 3ra bitartean egin ahalko dute matrikula. Udalak zehaztu duenez, ikastaroak 65 urtetik gorakoentzat egongo dira eskuragarri, baina 75 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute plazak eskuratzeko. Interesdunek Durangoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo Adinekoen Zentroan bertan egin ahal izango dute aurreinskripzioa.