Alkoholaren kontsumoa arautuko dute Durangon, herri-galdeketako ekarpenak aintzat hartuta

E.H. 2025ko ira. 9a, 07:30

Durangoko Artekalea. DURANGOKO UDALA

Durangoko Udalak aurrekontsulta publikoa egin du, herritarrei kaleetako alkoholaren kontsumoaz galdetuta. 117 durangarrek parte hartu dute galdeketan, eta % 86k "beharrezkotzat" jo du ordenantza berria.

Udalak emandako datuen arabera, galdeketan parte hartu dutenen % 27,35ak "alkoholaren kontsumoarekin lotutako egoera gogaikarri edo arriskutsuak" bizi izan ditu noizbait. Alabaina, ezezkoa erantzun du %71,79ak. Arazo aipagarrienen artean, berriz, "zarata eta zikinkeria" (erantzunen % 60 baino gehiagotan agertzen dira kontzeptuok), "borrokak eta segurtasunik eza" (% 22) eta "bandalismo ekintzak edo kalte materialak" (erantzunen % 7) daude.

Herriko gunerik problematikoenen artean, Andre Maria eta Alde Zaharra identifikatu dituzte (erantzunen % 50), baita Matute legez ezagutzen den plazatxoa ere (erantzunen % 25). Halaber, galdeketan Barandiaran eta Plateruena inguruak ere jaso dituzte gune gatazkatsu modura, baina txikiagoak izan dira leku horiei egindako aipamenak. Edozelan ere, horietan guztietan "zikinkeria, zarata, borrokak eta gizalegearen aurkako jokabideak" aipatu dituzte galdekaturikoek. 

Ordenantza berria

Era berean, egoera horri ordenantza batekin aurre egiteko aukeraz ere galdetu du udalak. % 86,32k "beharrezkotzat" jo du "udalaren esku hartzea"; % 10,25ak, aldiz, ez du "egokitzat" jotzen, eta % 3,41ak ez dio galdera horri erantzun. Aldekotasuna adierazi dutenek, "arau argiak eta zigorrak" eskatu dituzte. Alabaina, neurriok baztertzen dituztenek "kontzientziazioan" oinarritutako alternatibak eskatu dituzte, gazteentzat bereziki. 

Udal iturriek azaldu dutenez, gobernu taldeak dagoeneko prest du ordenantzaren zirriborroa. Durangarrek kontsulta publikoan adierazitakoak "jasota" gelditu direla esan dute. Gainera, lehentasunezko lau eremu nabarmendu dituzte: "poliziaren presentzia handiagoa eta zigorren aplikazio eraginkorra; gazteei zuzendutako hezkuntza kanpainak; herritarren bizikidetza sustatzea; eta atsedena eta hiri-garbiketa hobetzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!