"Jostun taldeak asko lagundu dit euskaraz egiteko"

Aitziber Basauri 2025ko ira. 7a, 10:30

Elorrioko Iturri kultur etxeak aterpea eskaintzen du joskintza eta euskara praktikatzeko, astelehenetan eta martitzenetan, 18:00etatik 20:00etara. Orain urte bi sortu zen joskintza eta euskara uztartzen dituen taldea, Alicia Fondadok (Durango, 1965) bultzatuta. Baldintza bi baino ez daude taldera batzeko: jostea eta euskaraz aritzea.

Noiz hasi zinen josten?
Betidanik josi dut. Kakorratz-lanak eta puntua egin ditut. Etxean ama, izeba, amama... josten ikusita ikasi nuen, baina patronaje formakuntza ere jaso dut. Zortzi urtegaz egin nuen lehenengo poltsa, eskuz; tortolosak edo tabak gordetzeko. Eta neba jaio zenean harentzako jaka txiki bi egin nituen. 13 urte izango nituen, eta halakoak egin nituen (barrez). Askotan eramaten ditut orratzak poltsan, josteko eta kakorratz-lanak egiteko. Boligrafoak, arkatzak... gordetzeko estutxeak ere egin izan ditut. Dena dela, asko aldatu dira garaiak.

Egitea baino errazagoa da erostea?
Bai! Garai batean, amak egiten zizkigun arropak, jertseak... Lana eta oihal denda pila zegoen Durangon. Jostea derrigorra zen, eguneroko zeozer. Gaur egun, zaletasuna da. Errazagoa eta merkeagoa da arropa dendan erostea. Oihalak eta artilea garestiagoak dira. Dena dela, orain zaletasun handia dago josteko eta kakorratz-lanak egiteko.

Zure zaletasuna partekatzeko helburuagaz sortu zenuen jostunen taldea Elorrion?
Bai. Taldetxo bat sortzeko gogoa nuen, ikasten jarraitzeko, egindako lanak partekatzeko, zalantzak argitzeko, eta abarrerako. Euskaltegian hasiberria nintzen, eta Iker irakasleak komentatu zidan Berbalagun talde bat sortu nezakeela. Oso ideia ona iruditu zitzaidan; gainera, bide batez euskaraz egiteko aukera izango nuen. Gaur egun, 18 bat lagun batzen gara. 

Zein da taldearen helburua?
Elkartzea eta jostea. Gauza berriak ikasten joatea, erronka txikiak betetzen joatea. Eta euskaraz egitea, jakina. Niri asko lagundu dit euskaraz egiteko. Arantza irakaslea egoten da gugaz, zuzentzeko. 

Beraz, euskaraz berba egiteko aterpe bihurtu da taldea.
Jakina! Gainera, lotsa galdu dut, lagunartean nagoelako, lasai. Taldean lotsarik ez dago ez euskaraz aritzeko ezta joskintza edo kakorratz-lanak egiteko ere. 

Zer ekarpen egiten dizu josteak?
Bete egiten nau. Neure buruari ipintzen dizkiodan erronkatxoak betetzea pozgarria da. Joskintza oso aberasgarria dela uste dut.

Horrela jaio zen GALA proiektua.
Bai. GALA Galarragatarrei egindako omenaldia izan zen (ama, izeba, amama...). Ordu asko egiten nuen lanean, eta utzi nuenean denbora asko nuen neuretzat. Ordenagailua utzi eta josteko makina hartu nuen. Azoketan saltzen hasi nintzen. Oso polita izan zen. Orain, apur bat baztertuta dut. Auskalo berreskuratuko dudan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!