Suizidioaren narratiba aldatzeko hainbat ekitaldi Durangon

Ekaitz Herrera 2025ko ira. 3a, 15:36

Suizidioak inposatzen duen "isiltasuna" apurtzera deitu dute Durangon, "tabua", "estigma" desegitera: Udalak eta suizidioaren prebentzioko adituek "funtsezkotzat" jo dute gaia gizarteratzea, eta hainbat berbaldi antolatu dute herritarrak sentsibilizatzeko. Adierazi dutenez, "keinu txiki bakoitzak" balio du behea jota dagoenari laguntzeko. 

Durangoko Udalak bat egin du irailaren 10arekin, Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Egunarekin, eta hainbat ekintza antolatu du gaia gizarteratzeko eta herritarrak prebentzioan sentsibilizatzeko. Aidatu elkarteko Monika Salgueiroren arabera, prebentzioan eragiteko "funtsezkoa" da gaiari buruz berba egitea: "Gure keinu txiki bakoitza lagungarri izan daiteke behea jota dagoenari laguntzeko, hark laguntza eskatzeko". Gainera, honako errealitate honen berri ere eman du: bi egunik behin herritar batek egiten du bere buruaz beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hori guztia "beldurrez, ezazagutzaz eta estigmaz" bizi dugula dio Salgueirok, baina ezinbestekotzat jo du gaia gizarteratzen hastea. 

Berbadiak eta sentsibilizazioa

Hori guztia dela eta, irailean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Hilaren 23an, Bizitzeko lagundu: adinekoen suizidioaren prebentzioa berbaldia egongo da Astarloako adinekoen egoitzan (18:15). 27an, zineforuma egingo dute Zugazan, Jon Sistiagaren Tabú: y final, la muerte... fuga filmarekin (11:00). Bizenta Mogel Bibliotekak gaiari buruzko mahai tematikoa jarriko du liburutegian, eta ordezkari politikoek adierazpen instituzionala irakurriko dute hilaren 10ean. Otamotzenan egingo dute, Durangoko kakorratz taldeek hango eserleku bat jantziko dute-eta kolore horiz. Kolore horia da, hain zuzen ere, suizidioaren prebentziorako ikur-kolorea. Egitaraua "gizarte enpatiko eta zaintzaileagoa sortzeko ekarpena", izan dadin gura du Jesica Ruiz zinegotziak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!