Zesta punta partiduak eta "hainbat sorpresa", San Fausto txapelketaren 40. aldia ospatzeko

Joseba Derteano 2025ko ira. 2a, 12:30

Zapatuan hasiko da aurtengo edizioa eta antolatzaileek hainbat ekimen prestatu dituzte.

San Fausto zesta punta txapelketak 40. aldia beteko du aurten. Data borobil hori ospatzeko Durango Jai Alai Klubak hainbat ekimen antolatu ditu zapatuan, lehenengo jardunaldiarekin bat eginda. Ezkurdi plazan, aire librean, animatzen den orok jaurtiketak egin ahal izango ditu pilotaren abiadura neurtuz. Horrez gainera, "hainbat joko eta sorpresa izango dira, hurbiltzen diren txikienek eta ez hain txikiek ere gozatu ahal izango dituztenak", antolatzaileek ohar batean aurreratu dutenez.

Txapelketa zapaturo jokatuko da, 18:00etatik aurrera eta domeketan, 10:30ean hasita. Hiru kategoria ditu: neskak; gazteak; 25 urtez azpikoak. Guztira 18 kirol taldek parte hartuko dute, gehienak Hego Euskal Herrikoak, baina Bartzelonako, Ipar Euskal Herriko, Frantziako (Paue eta Hossegor) eta Mexiko Hiriko pilotariak ere aurkeztu dira.

Markinak zazpi bider irabazi du txapelketa, beste inork baino gehiago. Gasteizek eta Berriatuak seina txapel dituzte. Durangok hiru bider irabazi du.

Historikoki, gerora profesionaletara igaro diren gazte askok parte hartu dute txapelketan, hala nola  Rekalde, Azpiri, Iruta, Solozabal, Duke Hernández, Imanol López, Aritz Erkiaga eta Erikek. 1981eko lehen aldia Castaños anaia durangarrek irabazi zuten, AEBko frontoietan ibilbide profesional arrakastatsua izan zutenak, eta Juanpe Castaños aurrelariak zesta punta profesionaleko munduko txapelketa ere irabazi zuen bi aldiz, Elizegi durangarrarekin batera, 90eko hamarkadan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!