Bart gauean, Txiki eta Otaegiren muralari eraso egin diotela salatu du Durangoko Ernaik.
Gazte antolakundeak margotutako murala horrela agertu da gaur goizean. "Beraien
memoria gorde eta aldarrikatzea ez da erregimen faxista baten biktimei egiten zaien aitortza soila; askatasun guztien aldeko borrokaren oihua da. Batzuetan kontrakoa iruditu arren, gaur, zapalduak jarraitzen dugu. Gure memoriak eta askapen prozesuak mehatxupean jarraitzen dute. Horren erakusle da bart gaueko erasoa, eta azken urtean Durangon bizitako beste hainbat.
Murala berriro magortzeko deialdia
Durangoko Ernaik "irmoki" salatu du gertatutakoa: "Eraso faxistek eta espainolistek ez dute lekurik ez gurean, ez beste inon. Horregatik, Txiki eta Otaegiren murala berregitera deitzen dugu Durangoko herria, eguenean, abuztuak 21, arratsaldeko 18:30ean. Halaber, Euskal Herriko gazte guztiei ere dei egiten diegu Ernaik irailaren 14an, Donostian, deitu duen mobilizazioan parte hartzera".
Durangoko EH Bilduk ere erasoa salatzeko oharra kaleratu du: "EH Bildutik eraso hau salatu, eta Txiki eta Otaegiren, militante antifrankisten eta, oro har, frankismoaren biktima guztien memoria aldarrikatzen dugu".
Koalizio subiranistak gaineratu duenez, "azken egunotan errelato bat eraiki nahi izan dute batzuek, frankismoa eta antifrankismoa parekatzen saiatu dira, tartean arduradun instituzional eta politiko batzuk ere bai. Eraso hauek horren ondorio zuzena dira. Faxismoaren aurrean ezin da ekidistantziarik mantendu. Eraso faxisten aurka eta memoria osoaren alde agertuko da beti EH Bildu".