Iberiar penintsulan sute ugari piztu dira azken egunetan. Espainian, Galizia, Extremadura, Asturias eta Gaztela eta Leon dira suteen eragina bizitzen ari direnak. Durangaldeko hainbat herritar lurralde horietan dago oporretan. Udane Rodriguezen eta bere familiaren kasuan, suteak Sotillo de Sanabrian duten etxean harrapatu ditu. Joan zen asteburuan Portoko eta inguruetako kea sumatzen hasi ziren. Atzo goizean alerta mezua jaso zuten kea dela eta, etxean geratzea gomendatuz. "Momentuz ez gaude ebakuatzeko premian. Hala ere, badakigu San Martin de Castañeda, Vigo de Sanabria, Coso, Murias, San Ciprian, Cerdillo, Rabano, San Justo eta Doney herriak ebakuatu dituztela", azaldu du Udane Rodriguez durangarrak.
Jasotzen ari diren informazioa kontuan hartuta, Rodriguezek eta bere familiak Sotillo de Sanabrian gelditzea erabaki dute. "Momentuz hemen geldituko gara, egoera okertzen ez bada behintzat", azaldu du durangarrak. Egoera hobetuko den esperantza dute: "Gu herrian lasai gaude, kez inguratuta gaude, baina besterik ez. Gaur ke gutxiago dugu eta helikopteroak sua amatatzera irten ahal izan dira. Herritik sartu eta irten gaitezke arazo barik. Tenperatuta asko jaitsi da eta ea horrek sutea amatatzen laguntzen duen. Hala ere, badakigu haizeak guztia aldatzen duela".
Suteak aurrera kontrolik barik
Suteek Iberiar penintsulako ipar-mendebaldea kiskaltzen jarraitzen dute. Sua Europako mendietako parke naturalera ere iritisi daiteke, azken orduetan inguru horretan euria egin duen arren. Guztira, 344.000 hektarea baino gehiago erre dira eta milaka pertsona ebakuatu behar izan dituzte. Gainera, suteen eraginez lau pertsona hil dira.