Durangoko udalbatzak herriko argiteria publikoa goitik behera aldatzea onartu zuen atzoko osoko bilkuran. 5.697.120 euroko kontratua esleitu dio zerbitzu energetikoen enpresa bati, aldaketa integrala egin eta argiteriaren mantenuaz arduratzeko. Jarduketa horri eskerrak kaleko energia-kontsumoa % 75 aurreztuko dela kalkulatu du udalak. Proposamenak EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin egin du aurrera.
Kontratuak hamar urteko iraupena dauka. Lehenengo urteetan argiteria publikoko koadro guztiak egokituko dituzte, sodio lurrunezko edo halogenurozko argiak kontsumo txikiko LED teknologiarekin ordezkatzeko. 3.062 argi-puntu berrituko dituzte orotara. Bestalde, 300 zutabe ordezkatuko dituzte, baita beste 2.000 zutaberen oinarriak korrosioaren kontrako pinturarekin babestu ere. Horrez gainera, kontratuak instalazioen funtzionamendu egokia eta mantenua bermatzeko irizpideak jasotzen ditu.
Mireia Elkoroiribe alkateak proiektuaren garrantzi estrategikoa azpimarratu du: "Beharrezkoa eta aspaldiko nahia den ekintza da, espazio publikoaren kalitatea, segurtasuna eta durangarren ongizatea hobetuko dituena. Etorkizunerako apustua".
"Segurtasun eza areagotuko du"
Herriaren Eskubidearen iritziz, kontratu esleitu berriak "areagotu" egingo du "segurtasun falta", argiztapen berriak "nabarmen" murriztuko duelako gaueko ikus eremua. Horrek "bide segurtasun falta eta puntu beltzak" eragingo dituela gaineratu dute. Era berean, erabakia kritikatu dute, EAJ, PSE-EEk eta PPk independenteen hainbat proposamen "atzera bota" dituztelako. Horien artean zeuden "23:00etatik aurrera argiztapena % 50era ez murriztea", "itzalaldien aurreko erantzuna egun bakarrera murriztea" eta Gabonetako argiak halakorik izaten ez duten auzoetan jartzea. Herriaren Eskubideak hiru alderdiei leporatu die oposizioari eta herritarrei ez entzutea.