Zer espero dezake 'Katana' ikustera doanak?
Ondo pasatzeko momentu bat. Jendea identifikatuta sentitzen da kontatzen ditudanak entzuterakoan, azken finean, egunerokotasunean bizi ditudanak direlako. Katana Anatik dator, ni naiz, nik bizi ditudanak. Zer den Lekeition bizitzea eta egun guztia bidean ematea; zer den guraso edo ama izatea; zelakoak diren pertsona lodi baten bizipenak; adinaren kontua ere hor dago, 43 urte ditut. Jendea identifikatuta sentitzen da, eta horregaitik pasatzen du hain ondo.
Ondo pasatzeko ez ezik, hausnarketarako tartea ere bada.
Katana jendeak hausnartzeko egin nuen. Ez denbora guztian ezta ere; momentu xelebreak daude, niri edozer pasatzen zaidalako, baina egia da, jorratzen diren gaiengatik hausnarketa ere eragiten duela emanaldiak. Modu xelebrean, baina gordin kontatzen ditut gertakariak, nire mingaina katana bezalakoa da. Askotan, horrela kontatu behar izaten dira gauzak, konturatzeko.
Umorea erraminta ona da gauza gordin esateko.
Hori da. Eta, umorea, kritika soziala egiteko ere erabili behar da. Egunerokotasunean, guraso edo bikote edo lagun bezala egiten ditugu horietaz konturatzeko modu bat da. Umoreagaz kontatuz gero, beharbada konturatuko gara.
Iaz estreinatu zenuenetik, hainbat emanaldi eman dituzu hilabeteotan. Zelako harrera izaten ari da?
Sekulakoa. Nik ez nuen espero, inongo espektatibarik barik prestatu nuen, 'ea nor datorren hau ikustera' pentsatuz, baina pasada bat izan da harrera. Ez nuen espero, eta emanaldi piloa egin ditut, plaza oso onetan gainera, eta feedback ona jasoz. Amets bat egia bihurtzen denean bezala, baina are hobeto. Katanak lasaitasun handia ekarri dit, kontrakoa eman dezakeen arren: konturatu naiz gauzak nire kabuz egiteko gai naizela; etxekoek eta lan taldekoek laguntzen naute, noski. Ikusi dut, emakumea izanda, eta euskaraz, umore ikuskizun bat egin dezakedala. Ohituta gaude gizonezkoen umorera, baina emakume gehiago behar ditugu oholtzetan; urteetan itxita egon dira oholtzak guretzako, baina erakusten ari gara ondo egin dezakegula, eta oso ondo, gainera. Ikusle aldetik ere, emakumezkoak dira hurbiltzen diren gehien bat, baina gizonezkoak ere bai, eta hori behar dugu, denak etortzea.
Euskaraz aritzen zareten gero eta bakarrizketalari gehiago zarete.
Badago umorearen nolabaiteko berpizkunde bat. Umorea behar dugu, baita euskaraz ere, umorerik barik ez dagoelako bizirik. Momentu txarretan ere, niretzako, bizitzan oiarrizko zerbait delako. Eta, oso pozik nago, gero eta emakume gehiago ari garelako umorea egiten taula gainetik. Azken urteetan, beharbada, erreferenteak falta izan dira, baina ari dira irtetzen. Gazte bat zerbait galdetzera hurbiltzen zaidanean emozionatu egiten naiz. Pentsatu nahi dut ez dela moda bat, hazten dabilen eta geratzeko etorri den zerbait dela. Telebistan eta irratian euskal umoreak presentzia behar du.
Bakarrizketak bakarka egiteko dira, baina komunitate bat sortzea garrantzitsua da. Gure artean hitz egin eta antolatzen gara, eta hori ondo dator gauza askotarako, adibidez, testuak probatzeko. Lankideak lagun egiten dira horrelakoetan, eta estiloa fintzeko, elkarri proposamen edo ekarpenak egiteko ere oso baliagarria da. Gero eta leku gehiagotan egiten zaie lekua bakarrizketei. Umorearen txokoa eduki dute Iruñeako San Ferminetan, eta Gasteizen duela 15 urtetik martxan dago eta oso ondo funtzionatzen du, gainera.
Bizi garen munduan bizita, posible da barre eginaraztea?
Posible da, eta egin egin behar da. Egoera latzak ikusten dira munduan zehar, eta umorearen bidez enpatia ere sortzen da. Eta barre egitean, hausnartzea eragin dezakezu. Ordua, beharrezkoa da umorea une latzenetan ere, nire ustez. Nik beti kontatzen dut, nire ama hil zenean, panteoira sartzen ari ginela momentu xelebre bat izan genuela. Eta hori, beharrezkoa da esateko hemen gaudela. Pirritx eta Porrotxek 'kantatzen ez duenak zorionik ez du' diote; nik, 'umorerik ez duenak zorionik ez du' diot.