Correos zaharra botatzeko proiektua lehiaketa publikora atera dute

Anboto 2025ko uzt. 17a, 14:50

Durangoko Udalak plaza handitu gura du, bertako "estetika eta funtzionaltasuna" hobetzeko. Enpresa interesdunek irailaren 5era arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko.   

Durangoko Udalak lehiaketa publikora atera du postetxe zaharra botatzeko proiektua. Plaza handitzea gura dute, eta horrekin batera "hiri-espazio irisgarri eta atsegina" sortu. Eraikina eskuzko metodoak erabilita botako dutela aurreratu du udalak, hain zuzen ere, alboko horma-bitarteen segurtasuna bermatzeko eta inguruko eraikinetan kalterik ez sortzeko. Era berean, botatako eraikinaren sotorako finkatze-neurriak eta akabera egokiak ipini gura dituzte, eremua ingurunearekin integratzen dela ziurtatzeko. 

Lehiaketa publikoak jasotzen dituen eskakizunetako batzuk herritar guztien irisgarritasuna, diseinu inklusiboa eta eremuaren izaera multifuntzionala bermatzea dira. Lizitazioa sektoreko profesional guztiei zabalik dago. Interesdunek Durangoko Udalaren Kontratatzailearen Profilaren bidez bidali ditzakete proposamenak, irailaren 5a baino lehen. Udalak hiru sari emango ditu: 5.000 euro lehenengo sailkatuarentzat, eta 3.000 euro bigarren eta hirugarren sailkatuentzat. Talde irabazleak exekuzio proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko aukera izango du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!