Durangaldeko Artisten Elkarteak antolatzen duen Durango Uria pintura lehiaketa martxan da. Aurten, gainera, 25. urteurrena izango du. Gai librea izango dute parte hartzaileek, eta beraien proposamenak irailaren 9tik 28ra bitartean aurkeztu beharko dituzte. Erakusketa urriaren 3tik 13ra izango da, Ezkurdiko Udal Aretoan. Teknika ere, librea izango da.
Epaimahaia kultura arloko ordezkariek eta artista ezagunek osatuko dute, eta urriaren 12an emango dute saridunen berri, 13:00etan egingo den sari banaketa ekitaldian. Irabazleak, 700 euroko saria eramango du, eta horrez gainera, 2026an zehar bere lanekin erakusketa bat ezartzeko aukera izango du, bigarren eta hirugarren saridunek 500 eta 300 euroko sari bana irabaziko dute, hurrenez hurren. Gainera, 300 euroko hiru sari banatuko dira, tokiko artisten artean.