Landako II kiroldegiko fitness makina guztiak berrituko dituzte

Anboto 2025ko uzt. 14a, 08:00

Durangoko Udalak 1.221.000 euro bideratuko ditu Landako II kiroldegiko 105 makina eta 322 ekipamendu berritzera. Alokairu-kontratu batekin egingo dute berritzea, baina tresneria jabetzan erosteko aukera zabalik dagoela argitu du udalak. 

Durango Kirolak entitateak kontratazio-prozedura hasi du Landako II kiroldegiko fitness makina eta ekipamendu guztiak berritzeko. Horretarako, alokairu-kontratu bat egingo dute, eta tresneria erosteko aukera zabalik utzi . Era horretan, udal baliabideen kudeaketa "eraginkorragoa" izango dela esan du udalak, "etengabeko hobekuntza irizpideei" erantzunda, tresnen "eguneratze teknologikoa" bermatu ahalko litzatekeelako.

Kontratu horrek 1.221.000 euroko aurrekontua du, eta material hornikuntzaz gainera, mantenu-plana ere badu jasota. Guztira, 105 makina berrituko dituzte (gailu kardiobaskularrak, indarra lantzekoak, pisu gidatukoak eta bankudunak daude). Era berean 322 ekipamendu berrituko dituzte, hala nola plataformak, mankuernak, kettlebellak, barrak, koltxonetak eta banda elastikoak. 2026 hasieran berritu gura dute instalazioa.

Iker Txertudi kirol zinegotziak esan duenez,  orain arte "aldaketa puntualak" egin dituzte kiroldegian, "baina makinak arazo asko zituzten, eta horrek esku hartze osoa beharrezkoa egiten zuen". Gainera, errentamendu-sistemak erosteko aukera eskaintzen duenez, "makinak pixkanaka eta modu eraginkorrean berritu" ahalko direla esan du zinegotziak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!