Durangoko Udalak hainbat lan egin du Landako Guneko teilatuan. Batetik, sabaia iragazgaitz egiteko lanak egin dituzte, asfalto-oihala aldatuta. Bestalde, 576 eguzki-plaka ipini dituzte, energia garbia eta efizientzia energetikoa sortzeko. Azken horren zati bat Europako Next Generation funtsen bidez finantzatu dute, baita Energiaren Euskal Erakundearen dirulaguntzari esker ere. Proiektuaren guztizko aurrekontua 420.940 eurokoa izan da. Hortik 190.771 laguntzak izan dira.
Sistema fotovoltaikoak energia garbia sortzea ahalbidetuko duela esan du udalak, karbono aztarna murriztuta eta eraikinaren energia kontsumoa optimizatuta. Mireia Elkoroiribe alkateak azpimarratu du proiektua "aurrerapen esanguratsua" dela "udal azpiegituren etengabeko hobekuntzan". Udala "garapen iraunkorreko ereduarekin lerrokatuta eta ingurumena zaintzearekin konprometituta", dagoela berretsi du.