"Arazo sozialak ikuspegi intimotik idazten ditut"

Aritz Maldonado 2025ko uzt. 13a, 10:30

Leire Vargas eta Jaime Nieto.

Leire Vargas idazle durangarrak Bihotz-museo bat poema-liburua argitaratu eta honen aurkezpenak egiten zebilela jaio zen Bizi sintetikoak emanaldi musikatua egiteko aukera. Jaime Nieto musikariagaz (El Columpio Asesino, We Are Standard...) batera, "elkarrizketa bat" proposatzen dute, musika elektronikoaren eta ahozko poesiaren artekoa. Bilboko Zazpi Katu gaztetxeko aurkezpenean geratu behar zenak, hainbat geltoki izan ditu ordutik. Hurrengoa, Durango, datorren eguenean, hilak 17. Benita Uribarrena parkean egingo dute emanaldia, 19:00etatik aurrera; euria eginez gero, Arte eta Historia Museoan egingo dute.

Nola aurkeztuko zenuke 'Bizi sintetikoak'?
Musika elektronikoa eta ahozko poesia uztartzen dituen emanaldi bat da. Nahiko organikoki, eta hasiera batean, proposamen puntual baterako sortu genuen Jaimek eta biok. Bilboko Zazpi Katu gaztetxean liburuaren aurkezpena egiteko modu desberdina izan zitekeela pentsatu genuen, eta horretarako sortu genuen, nahiko modu intuitiboan eta bakoitza bere elementuagaz jolasten; ni poesiagaz, eta Jaime musikagaz. Testu gehienak, ahozkorako sortuak dira, eta orduan, bion arteko elkarrizketa moduko bat sortzen dugu, musika elektronikoaren eta poesiaren artekoa. Orokorrean intimitatearen inguruan berba egiten dugu, gai sozialez hausnartzeko.

Ekitaldi bakarrerako sortu zenuten, baina hainbat emanaldi eskaini dituzue, ezta?
Nik uste dut harrera ona izan duela, apur bat desberdina baita Euskal Herri mailan. Orain ahozko poesia emanaldi nahiko egiten dira, baina asko dago esploratzeko oraindik; orokorrean, jendea entzuteko gogoz dagoela esango nuke, batez ere, zerbait desberdina eskaintzen bada. Hasieratik tokia izan dugula esango nuke, beraz.

Lehenengo biderra duzu musikagintzan?
Bai, lehen esperientzia izaten ari da. Letrak-eta idatzi izan ditut, eta beti izan naiz musikazalea, baina nolabait esateko, musikazale pasiboa. Orain honekin zuzenean hartu emanean egonda, gozatzen ari naiz.

Bertsotan, ostera, bai aritu zara. Erosoago errezitatzen?
Bai, azkenean, ni bertsora poesiagaitik ailegatu nintzen. Gustorago nago poesiagaz, niri gehiago interesatzen zait pausaje hori, hausnartzeko, edo esan gura dudanerako berbak ondo aukeratzeko. Poesiak horretarako balio dit, eta aldi berean, ahozko poesiak presentzia bat ematen dizu, gorputza eta ahotsa ipintzeko, eta berbei nahi duzun pisua eta tonua emateko ere; gainera, zuzenean, irakurlea bera interpelatzeko aukera dago, erreakzioa ikusteko. Hori da poesiak ematen didana eta gozarazten nauena. 

Testuetako batzuk 'Bihotz-museo bat' liburukoak dira, eta beste batzuk berriak. Nola egin duzu aukeraketa?
Ahozkorako funtzionatzen didatenak aukeratu ditut. Gaiei dagokionez, continuum batean dago interesatzen zaidana. Gai sozialen inguruko hausnarketa egin ohi dut, eta ikuspegi beretik, poema guztietan zalantzan jartzen dut ezarrita dagoena, eraldatze nahi batetik ikusita, eta gure intimitatean lur hartzen duen modura eramanda, hau da, askotan idazten dut arazo sozial batek gure errealitate intimoan duten itzulpen intimotik abiatuta.

Baduzue beste emanaldirik lotuta? 
Bai, baditugu gutxi batzuk, eta gehiago lotzeko asmoa ere badugu, aukera sortzen bada. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!