"Urpekaritza aitzakia perfektua da bidaiatzeko"

Aitziber Basauri 2025ko uzt. 12a, 10:25

Bidaiatzea gustoko duen nomadatzat du bere burua Jon Basagurenek (Durango, 1987). Azken urteotan, Australia, Zeelanda Berria, Thailandia, Sardinia, Malta, Egipto, Mexiko, Malaysia, Japonia eta Indonesian bizi izan da, gehienetan urpekaritzari esker. Gaur egun, Maldivetan ematen du denbora gehien. Divers Tribe (@divers_tribe.world) bidaia-agentzia sortu du bertan.

Gelditu gabe zabiltza Durangotik abiatu zinenetik. 
Bai, nekez egoten naiz sei hilabete baino gehiago herrialde berean. Bide pertsonal baten bila abiatu nintzen Durangotik, 2017an. Beti izan dut mundua ezagutzeko eta bidaiatzeko gogoa. Bada, ikusle soil izatetik, nire abentura-filmeko protagonista izatera pasatu nintzen. Nire lehen bidaia 19 urtegaz egin nuen. Nikaraguara joan nintzen Leonekin GKEarekin. Uste dut han erein zela bidaiari hazia.

Zein ekarpen egin dizu bidaiatzeak?
Gatxa da zehaztea, baina seguruenik autoezagutzarako etengabeko ikaskuntza da bidaiatzeak emandako oparirik handiena. Bidean ezagututako pertsonek asko ematen dute, eta, konfort-zonatik irtenda ere aurrera egin daitekeela ikasten da.

Urpekaritza esperientziak antolatzen dituzu. Zer du berezi itsas hondoak?
Herrialde bakoitzean, ezusteko berriak eskaintzen ditu itsasoak: Maldivetan, marrazo asko, mantak eta dortokak daude; Mexikon, baleak eta itsas lehoiak; Egipton, berriz, koralezko arrezife ikusgarriak. Divers Tribe munduko hainbat lekutatik etorritako gazteon komunitate txiki bat lez sortu genuen. Urpekaritza aitzakia perfektua da bidaiatzeko, leku berriak eta pasio bera partekatzen duen jendea ezagutzeko. Herrialde bakoitzeko kultura ezagutzen ere saiatzen gara. 

Izan duzu inoiz sustorik? Eta anekdota politik?
Ontzi txiki batean zazpi orduz galduta egon nintzen Thailandian, ekaitz tropikal batean, tornadoekin, salbatu ninduten arte. Itsasoari errespetu handia izan behar zaio, dena oso azkar alda daiteke eta. Pasarte politenak egunerokoan bizi ditut: lehen aldiz norbait buzeatzera eramaten dugunean. Ur azpiko mundua deskubritzean aurpegietan islatzen den poza eta emozioa sekulakoa da. Egunerokoan jasotako oparirik ederrenetakoa da.

Itsas hondoaz gozatzeko leku bat?
Toki bakoitzak bere magia du, baina bat aukeratzekotan Maldivetako Laamu atoloia. Paradisu txiki bat da. Itsas hondoak benetako akuarioa dirudi: marrazoak, dortokak, mantak, izurdeak… Natura bere purutasunean, gizakiaren eraginik barik.

Durangoren falta igartzen duzu? 
Durangon dut familia, eta askotan bisitan datozen arren, beti botatzen da faltan.

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua?
Gatxa da esatea, ez dut jakiterik ze aukera sortu daitekeen. Proiektu berri batean gabiltza orain, AVELO urperaketa-sistema irakasten. Leku asko daude ezagutzeko, eta nomada izateko grinak ez dakit nora eroango nauen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!