Durangoko Musika Eskolak teilatu berria du jada

Anboto 2025ko uzt. 10a, 09:38

Azken erremateen faltan, Durangoko Musika Eskolako teilatua berritzeko lanak amaierara ailegatu dira. Estalkia goitik behera aldatu eta eguzki-plakak ipini dituzte. 

Durangoko Udalak amaitutzat eman ditu Bartolome Ertzilla Musika Eskolako teilatua berritzeko lanak, "azken erremateen faltan". Estalkia osorik aldatu dute, eta eguzki-plakak ipini dituzte teilatuan, eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko. Era berean, bigarren solairuko zorua berritu dute, eta margoketa lanak egin dituzte eraikinaren osotasunean. Halaber, kanpoko sarbide berri bi prestatu dituzte. Sarrerako hallean bata; auditorioan, bestea. 

Durangoko Udalak urrian hasi zituen berritze lanak, teilatuak "egiturazko narriadura nabarmena" zuela-eta. Lanek iraun bitartean, musika-eskola Saibi kalera lekualdatu zuten, Udal Euskaltegia izandakora. Orain, obrak amaituta, musika-eskolak bere ohiko kokalekuan hasiko du datorren ikasturtea. Altzari eta musika material guztien lekualdaketa egiten dabiltza egunotan.

Mireia Elkoroiribe alkatearen eta Sara Oceja hirigintza zinegotziaren berbetan, teilatua berritzea "lehentasun nagusietako bat" izan da legegintzaldia hasi zenetik. Era berean, azpiegitura hobetzeaz gainera, iraunkortasunaren eta efizientzia energetikoaren aldeko apustua egin dutela berretsi dute: "Oso hondatuta zegoen espazio bat ikastetxe moderno eta funtzional bihurtu dugu, irakasleen eta ikasleen beharretara egokitzeko eta kultura- eta hezkuntza-garapenerako ingurune egokia eskaintzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!