Bizkaiko Erromeria Eguna egingo dute urriaren 4an, Durangon

Aritz Maldonado 2025ko uzt. 7a, 14:21

Urriaren 4an Bizkaiko Erromeria Eguna egingo dute Durangon, lehenengoz; belaunaldi desberdinak batzeko asmoagaz antolatu dute, baita "erromeriaren kontzeptu desberdinak" batzeko; egun osoko egitaraua izango du jardunaldiak.

Erromeria ulertzeko eta gozatzeko modu desberdinak batuko dituzte Durangon urriaren 4a. Izan ere, Bizkaiko Erromeria Eguna egingo dute egun horretan Durangon. Belaunaldien arteko festa izatea gura dute antolatzaileek. "Erromeriak gure kultura eta nortasunaren parte dira. Urteak aurrera joan ahala, gure gizatea aldatu den bezala erromeriak ere egokitu egin dira gaur egungo estiloetara eta Erromeria Eguna  horren adibide garbia da. Belaunaldien arteko festa izatea nahi dugu, gure kulturan oinarritutako jaia eta gure sustraietaz ikasteko aukera emango digun ospakizuna", azaldu du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko euskara, kultura eta kirol foru diputatuak. Foru Aldundiak, Durangoko Udalak eta Danok Pro kooperatibak elkarlanean antolatu dute hitzordua. Hain zuzen ere, Durango "euskal tradizioaren, musikaren eta kulturaren epizentro" bihurtuko dela nabarmendu du Mireia Elkoroiribe alkateak. "Erromeriaren bidez gure ondare inmateriala biziberritzeko, belaunaldi berriei transmititzeko eta gurea egiten jarraitzeko sekulako aukera eta ohorea da Durangon lehen edizio hau ospatzea", azpimarratu du. 

Danok Pro kooperatibako kidea den Jon Gomez Garaik, ostera, "erromerien sorburura" hurbiltzeko aukera izango dela nabarmendu du, baita garapena ezagutzeko aukera ere. "Orain ehunka urte gure aurreko belaunaldiek txistulari eta tanborreru bakarrarekin goztatzen zuten, beranduago alboka eta panderojole banarekin eta ostea etorri zen trikitixa gure plazetara". Bizirik dagoen formatua dela aldarrikatzeaz gainera, parte hartzaileetako batzuk aletu ditu: besteak beste, Ibon Koteron eta Julen Begoña albokariak, Ikaer Alavrez eta Aitor Urkizu txistulariak, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak, eta berriz elkartuko diren Zabaleta eta Motriko "trikitilari historikoak" arituko dira. Durangoko 13 elkartek ere parte hartuko dute. 

Egun osoz, erromeriaren hertz desberdinetan sakonduko da, herri osoan zehar. Horrela, dantza plaza egongo da Aikorekin, gaztetxoentzako Esna Gazte taldeagaz dantzaldia egongo da, herri bazkaria egongo da, edota Luhartzen eta Goazen telesaileko aktoren kantaldiak egongo dira. Bestalde, Gari Otamendi eta Oier Araolaza dantza adituek hitzaldia eskainiko dute, eta Ane Albisuk buruko-zapia nola jantzi erakusteko ikastaroa eskainiko du. "Ez da jaialdi ludiko bat bakarrik, ekarpena egin gura dugu, eta herritarrek hausnartzea ere. Parte hartzeko, ez da beharrezkoa dantzan jakitea, dantzarekin gozatu nahi duen orok lekua du hemen", gehitu du Gomezek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!