Durangoko Fundifeseko orubea berreskuratzeko lanak "funtsezko" momentu batean daudela eman dute jakitera udal arduradunek. Azaldu dutenez, teknologia jasangarrietan oinarritutako jarduera "aintzindariak" garatzen dihardue bertan, "urteetan hiri-degradazioaren foku izan den espazioa ingurumen-deskontaminazioaren erreferente bihurtuz", nabarmendu dutenez. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean bultzatu dituzte lan horiek, Sprilur eta Ihobe erakunde publikoen bitartez.
Sprilurrek eta Ihobek bultzatutako Garbiland proiektuaren baitan, teknologia "berritzaileak" aplikatzen ari dira. Besteak beste, onddoen bidezko mikorremediazioa eta biopila dinamikoak. "Metodo hauei esker, lurzoruaren ezaugarriei egokitutako deskontaminazioa egin daiteke, modu eraginkorrago eta jasangarriago batean", Durangoko Udalak jakitera eman duenez.
Fundifes lantegia hartu zuen 14.000 metro koadroko lursailean, Durangaldeko Ekogarapen Gunea sortzea dago aurreikusita, "eskualdeko ekonomia sustatzeko eta goi-mailako prestakuntza eskaintzeko zentro estrategiko berria izango dena". Durangaldea Enpresa Ekimenak (DEK), Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu dute proiektu hori.
Lanak bisitatu dituzte Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak, Sara Oceja zinegotziak, Adolfo Uriarte Villalba Natura Ondare eta Klima Aldaketara Egokitzeko zuzendariak, Alexander Boto Bastegieta Ihobeko zuzendari nagusiak eta Txaber Ouro Sprilurreko Zuzendari nagusiak.
Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi duenez, “proiektu honek ez du soilik orube bat berreskuratzea helburu; erakundeen arteko lankidetzak espazio degradatu bat etorkizunerako aukera bihurtzeko duen gaitasunaren adibide argia da". Gaineratu du, "teknologia berritzaile eta jasangarrien alde" egindako apustuak "garapen-eredu arduratsuago" baten alde udalak duen konpromisoa adierazten duela. "Etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatutako Durango bat eraikitzen ari gara, durangarrei aukera berriak eskainiz", zehaztu du alkateak.