Mailari eusteko borrokan aritu den denboraldia ahaztu, eta etapa berri bat abiatzeko prest dago Durangoko Kulturala. Horretarako, entrenatzaile berria fitxatu du: Iker Dorronsoro donostiarra. Errenteriako Touring taldetik dator. Bi futbol klubak Hirugarren RFEF mailan dabiltza. Dorronsororen gidaritzarekin, Touring taldeak oso denboraldi ona osatu du aurten: zazpigarren tokian sailkatu da, play off postuetatik gertu.
Esperientzia zabala du aulkietan, eta bere lorpenik garrantzitsuena 2021ean Eibarko emakumeen taldearekin Lehenengo Mailara igo izana da. Gainera, hurrengo denboraldian mailari eustea lortu zuen.
Oraingoz, entrenatzaile donostiarra da aurpegi berri bakarra. Nobedade gehiagoren zain, klubeko arduradunak taldean jarraituko duten jokalariak baieztatzen dabiltza apurka-apurka. Momentuz, Pablo Bizkarra, Lander Aspiunza, Haitz Lopez, Diego Fernandez, Unai Arieta, Markel Areitio, Jon Lejardi eta Unai Ariz jokalariek taldean jarraituko dutela baieztatu dute.