Merkatu plazako postuen alokairua "% 20" igo dela kritikatu du Herriaren Eskubideak

Anboto 2025ko eka. 30a, 10:51

Talde independentearen esanetan, garestitzea "oztopo gehigarria" da merkatu plaza berreskuratzeko. 

Herriaren Eskubideak bere desadostasuna agertu du Durangoko Udalak merkatu plazako postuen alokairuak eta gune komunen mantenu-gastuak igo dituela eta. Aurrerantzean, merkatariek 17,4 euro ordainduko dituzte hilean, metro karratu bakoitzeko. Hau da, urteko prezio osoak 1.968 eta 5.429 euro artean kokatuko dira. Talde independentearen iritziz, neurri horiek "are gehiago zailduko dute merkatu plaza berritzea", merkatarientzat "oztopo gehigarria" izango direlakoan.

Era berean, Herriaren Eskubideak aurreko legealdiko gobernu taldean garatutako proiektua izan du ahotan. Azaldu dutenez, proposamen hark "hornidura plazaren eta baserritarren plazaren espazio osoa" eraberritzea aurreikusten zuen, "aisialdirako, sozializaziorako eta zaintza partekaturako" guneak eratzearekin batera. Alabaina, egitasmoak "porrot handia" jasan zuela adierazi dute, "EAJk eta PSE-EEk hiru urtez merkatarien, erabiltzaileen, alderdi politiko guztien eta tokiko elkarteen parte-hartzearekin garatutako proiektu bati uko egitea erabaki" zutelako. Herriaren Eskubideak azpimarratu dunez, neurri berriak "agerian" utzi ditu talde independentearen eta gobernu taldearen artean dauden "irizpide ezberdintasunak".

Durangoko Udalak iragarri duenez, merkatu plaza berritzeko lanak udan zehar egingo dira. Urrirako amaituta egotea gura dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!