Durangoko Udalak jakinarazi duenez, udalerriko ertzain-etxeko genero-indarkeriaren kontrako unitatean lau agente egongo dira, aurrerantzean, indarkeria matxistagatiko kasuak artatzen; oain arte, bi egon dira lan horretan. Udalak azaldu duenez, erabakiak "tokiko elkarteen eskaera" du oinarri, eta "genero indarkeriaren salaketen arreta eta jarraipena hobetzea" du helburu.
Eduardo Olaizolak, Durangoko ertzain-etxeko komisarioak, nabarmendu duenez, agenteen gehikuntza "funtsezkoa" da biktimei zerbitzu hurbilagoa eta espezializatuagoa emateko: “Ertzaintza osoa prestatuta dago genero-indarkeriako egoerei erantzuteko, baina agente kopuruaren gehikuntza honen bidez, esku-hartzeko gaitasuna, jarraipena eta biktimentzako arreta hobetu nahi ditugu, prozesu seguruagoa eta eraginkorragoa bermatzeko.”, azaldu du. Bestalde, Josune Escota, segurtasun zinegotziak errefortzu horren garrantzia azpimarratu du: “Tokiko elkarteekin lankidetzan aritzea funtsezkoa izan da indarkeria matxistaren biktimen behar espezifikoak ulertzeko. Ertzaintzaren unitate espezializatua handitzea eskaera horiei zuzenean erantzutea da, eta beste urrats bat da Durangon eta eskualdean pertsona guztientzako ingurune seguruagoa sortzeko bidean.”