[ARGAZKI GALERIA]: Sexu eta identitate disidenteek "Harrotasunaren merkantilizazioa" salatu dute

Ekaitz Herrera 2025ko eka. 26a, 20:10

Ekainaren 28aren atariko modura, Durangoko eta eskualdeko hainbat herritarrek udalerriko kaleak zeharkatu dituzte manifestazioan. Instituzioen eta enpresen "zuriketa arrosa" seinalatu dute, eta LGTB Harrotasunaren “jatorri politikoa” gogorarazi. 

Manifestazioak 19:00etan irten du Andra Maritik, eta erdiguneko zein Alde Zaharreko hainbat kale zeharkatu ostean iritsi da amaierara, Santa Anara. Bidean, kolore eta identitate mota bezainbeste aldarrikapen egin dituzte: “Harrotasuna ez dago salgai!”, “Sexiliatuak etxera!” , “gora borroka transmaribibolloa!” edo “Herrietan ere harro gaude!” lakoak. 

Esana zuten, eta manifestazioaren bukaeran ere argi esan dute: baztertu egin dute "politika instituzionalen eta enpresa kapitalisten zuriketa arrosa". Joera horrek harrotasuna "merkantilizatu eta despolitizatu" egiten duela iritzi diote. Halaber, errefusatu egin dute joan zen ekainaren 21ean Bilbao Bizkaia Harrok Bilbon antolatutako jardunaldia.

Era berean, 1969ko ekainaren 28an eta ondorengo egunetan New Yorkeko Stonewall Inn tabernan gertatu ziren istiluak gogoratu dituzte. Egun haiek "indarkeria polizialaren aurkako" eta "estatuen botere eta kontrol mekanismoen aurkako iraultza" izan zirela esan dute, eta espiritu hori "gaur egun ere presente" dagoela gaineratu.

Bestalde, "mugimendu trans-baztertzaileen gorakada" ere seinalatu dute, eta gogoan izan dituzte "indarkeria matxistagaitik eraildako eta erasoak jasandako emakumeak, baita zisheteropatriarkatuak jazarritako sexu-genero disidentziak" ere. Azkenik, "zapalkuntza kolonialak" kritikatu eta elkartasuna adierazi diote Palestinari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!