"Gau giroko Pirritx eta Porrotx garela esan daiteke"

Ekaitz Herrera 2025ko eka. 27a, 12:00

Gutxi izango dira Bilboko girorik gautxorienean Las Fellini transformismo taldea ezagutzen ez dutenak, eta are gutxiago izango dira taldekideetako bat durangarra dela dakitenak. Juan Carlos Rodríguez Legido (Durango, 1980) 1998an taularatu zen lehenengoz gainerako "Felliniekin". Urteen poderioz, bizi propioa eman dio Jeyxi Spaguetti pertsonaiari, eta zenbatu ezinak dira taldekideekin batera han-hemenka eskaini dituen ikuskizunak. Eroso dabil dantza, kabaret eta umore artean, ikuskizunetara hurreratutako ikusleak zirikatzen eta LGTB eskubideak lau haizetara aldarrikatzen. ANBOTO haren jaioterrian batu da Rodríguezekin. 

Eta, hara non, Fellinietako bat durangarra dugun. 
Halantxik da. Beharbada, garai bateko jendeak jakingo du, baina gaur egungo askok ez dakite durangarra naizela. Noan lekura noala, beti diot durangarra naizela. Ikuskizunetako ikusleak zirikatzeko ere erabili izan dut nire jaioterria. Baten bati "durangarra naiz, ni bezain akabatuta zaude" esateko. 

Zelan ailegatu zinen Las Fellini taldeko partaide izatera?
Lagun baten urtebetetzearekin hasi zen guztia. Lagun talde bat Durangotik Bilbora joan ginen ospakizuna egitera, eta garai bateko komentuan sartu ginen; hau da, sasoi hartan hiriko gau giroaren zati zen LGTB gune batean. Bertan, pertsonaia bat sortu eta ikuskizun txiki bat eskaini nuen. Ikusleen artean zeuden Las Fellinikoak, eta emanaldia amaitutakoan, nigana hurreratu ziren, ikuskizuna gustatu zitzaiela esatera eta haiekin jardun nahiko ote nuen galdetzera. Nik ez nuen taldea ezagutzen. Apurka-apurka taldea ezagutzen hasi nintzen, eta hara non, 1998an, nire 18. urtebetetzean, eurekin taularatu nintzen lehenengoz. 

Beraz, ia 30 urteko ibilbidea duzu taldean.
Lehenbiziko emanaldiak Bailongo izeneko lokalean eskaini genituen, El balcón de la Lolan gero, eta Badulake tabernan, azkenik. Badulakera iritsi ginenean, nik taldea uztea eta Benidormera bizitzera joatea erabaki nuen. Alabaina, handik denbora batera, gauza ugari egiteko gogoz itzuli nintzen hona. Eta, orduan, Las Fellinik berriro ere eman zidan taldean sartzeko aukera. Harrezkero, 22 urte egin ditugu Badulaken saioak eskaintzen. 

Nola definituko zenuke Las Felliniren eskaintza?
Gure ikuskizunak izendatzeko drag terminoa erabiltzen da, baina guk gurago izaten dugu transtornismoa egiten dugula esatea. Izan ere, transformismoa bera trastornatzeko gaitasuna dugu. Ez dugu drag dotore hori egiten, ez ditugu arropatarako joskintza lan landuak egiten. Bular modura puxikak darabiltzagu, eta gure arropak merke-merke erosten ditugu. Oso pailazoak gara. Bilboko gau giroko Pirritx, Porrotx eta Marimotots garela esan daiteke!  

Juan Carlos Rodríguezen eta Jeyxi Spaguettiren artean alde handia dago?
Erabat desberdinak gara. Juan Carlos oso-oso lotsatia da; Jeyxi, aldiz, urdanga eta lizun hutsa, zikina, higuingarria. Urteen poderioz, pertsonaia barneratzen eta garatzen joan naiz, eta eroso sentitzen naiz berarekin. Sentsuala eta sexya da Jeyxi, lizuna, baina badu bere alde sentimentala ere. Gizonezkoren batek ezezkoa ematen badio, sugegorri baten pare jartzen da. 

Alter ego hori lantzea erreminta baliagarria da norbere barrena esploratzeko?
Asko ikasten da. Zaren horri buruzko kontzientzia hartzen duzu, eta denak ez duela balio ikasten duzu. Egoera bakoitzera moldatzen eta horren araberako jarrera hartzen ikasten duzu. 

Nola ikusten duzu Euskal Herriko drag eszena? 
Iruditzen zait oso eszena polita sortzen dabilela. Drag berri ugari dago, egundoko gaitasuna duena, eta betikoak ere hor daude, egundoko mailarekin. Estilo asko dago, eta ederra da hori, lehen bakarrenetakoak ginen-eta. Onuragarria da denontzat, transformistak eta dragak lo egon ez gaitezen. 

Zeintzuk dira zuen erreferenteak?
La Prohibida, adibidez, asko maite dugu, baita Kika Lorace ere. Oso lagunak ditugu. Horrez gainera, aipatzekoak dira Supremme Deluxe eta Nacha La Macha. Asko ikasi dugu lau horiekin. 

Durangaldea zer nolako ekosistema da drag batentzat?
Oso gogorra! Durangaldea Goierri baino gogorragoa da drag batentzat! (barrez) 2000ko hamarkadan hainbat bider etorri ginen eskualdera, ikuskizunak egitera. Emanaldietako batzuk Andra Mariko elizpean egin genituen, eta gogoan dut garai bateko Lurpe diskotekan ere aritu ginela. Atxondoko taberna batean ere sarri eskaini ditugu emanaldiak. Durangaldera duela sei bat urte etorri ginen azkenengoz, eta gauzak aldatzen hasita zeudela igarri genuen. 

Sei urte daramatzazue eskualdera etorri barik. Itzuli beharko zarete, bada...
Bai, mesedez! Dei gaitzala Durangoko alkateak! Gustura eskainiko dugu emanaldia Andra Mariko elizpean! (barrez) Tira, egia esan, eskualdeko edozein herritara etortzeko prest gaude.  

Drag munduan hasi gura duenak posible du eskualdean hastea, ala hiriguneren batera joan behar du ezinbestean?
Iruditzen zait hirigunera joan beharko lukeela. Apurka-apurka begiak zabaltzen gabiltza, DragRace telebista saioak, adibidez, asko lagundu du gure mundua ikusarazten. Baina, Durangaldeko herritarren batek lan honetan barneratu gurako balu, Bilbora joan beharko luke. Publikoa hemen gogorra da, eta hemen zerotik hastea, gaitza. 

Bihar LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Eguna aldarrikatuko da. Nola ikusten duzu komunitatea?
Momentu honetan ez gaude duela urte batzuk bezain libre. Atzera egin dugula uste dut. 1998-1999-2000 urte haietan kalera irteten genuen protestara, oihu egitera. Aldarrikatzaileagoak ginen. Orain, ematen du dena dela festa hutsa; manifestazioak albo batera uzten gabiltzala dirudi. Festa erraldoiekin ikusgarritasuna irabazi dugu, baina betiko manifestazioak, Ekainaren 28koak, babesten jarraituko nuke. Hori da gure eguna. Gure artean gerran ibili barik, batu gaitezen eta aldarrikatzen jarrai dezagun. 

Las Fellini: Bilboko gau giroko ikur

 


Las Felliniko kideak promozio argazkian. LAS FELLINI

  • Laukotea. Taldekideen artean aldaketak egon diren arren, gaur egun, Barbara Kaldo, Nagore Gore, Caprichossi Potxaperta eta Jeyxi Spaguetti dira Las Felliniko lau kideak.

 


Jose Antonio Nielfa 'La Otxoa' Felliniekin. LAS FELLINI

  • Aitzindaritza. Bilboko gau giroko ikur diren arren, ezin ahaztu ikurren artean ikurra: La Otxoa. Jose Antonio Nielfak garaiko molde guztiak irauli zituen 1981eko Aste Nagusian, 'Libérate' abestean. 

 


Bilboko Aste Nagusian, Rubiana trabestiarekin. LAS FELLINI

  • 'Pinpi'. Zalantzarik barik, Pinpilinpauxa da Bilboko Aste Nagusiko konpartsen artean, LGTB herritar gehien batzen duena. Las Fellinik urtero eskaini ohi du emanaldia, purpurina artean.

 


Badulake tabernako giroa, emanaldia amaituta. LAS FELLINI

  • Tenplua. Las Fellinik bere tenplu propioa du Bilboko San Frantzisko auzoan: Badulake taberna. Barikuro-barikuro egiten dituzte emanaldiak, 00:00etatik aurrera. 
 
 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!