Hainbeste urte lanean, eta zure lehenengo erakusketa ikusgai dago Durangon.
80 urte ditut, eta bizitza osoa daramat margotzen.
60ko hamarkadan Emen taldeko kide izan zinen.
Bai, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako kideak ginen. Gipuzkoarrek euskal artearen konglomeratu bat sortu gura zuten. Pinturaz gainera, dantzariak, abeslariak eta beste diziplina artistiko batzuetakoak batu gura zituzten. Modernismoa nagusitzen zen. Bizkaian, talde anitzagoa ginen, eta askatasuna eta eskubide sozialak aldarrikatzen genituen, frankismoaren aurrean. Arabarrek, berriz, pintura eta eskultura gaurkotua gura zuten. Arabarrek baldintzak ipini zituzten bizkaitarren artean hiru artista aukeratzeko. Aukeratutako horien artean ni neu nengoen. Eztabaida handia sortu zen, eta pentsatu nuen, taldearenganako elkartasun legez, ez parte hartzea. Baina, ekimen horretarako eramandako lanak Nafarroara eraman zituzten, erakusketarik antolatu ez arren. Askok beraien lanak erretiratu egin zituzten, baina beste batzuk ez genituen hartu. Sasoi hartan 22 urte nituen. Bada, 'Rojo y negro' erakusketa hartarako eramandako koadroa Nafarroako Museotik berreskuratzea gozamena izan da. Museoan egon nintzen koadroa heldu zenean. Gioconda balitz legez enbalatuta zegoen. Poz handia hartu nuen paketetik atera eta margolana berriro ikusi nuenean.
Zein momentutan hasi zinen margotzen eta zaletasuna lantzen?
Txikitan gaixorik egon nintzen, eta egoera hartan asko marrazten nuen. Nire denbora librean beti marraztu izan dut. Nire helburua ez da sekula izan pinturatik bizitzea. Arrisku handiko ofizioa zela uste izan dut beti. Maristetan Komertzioa ikasi nuen, eta banku baten aritu nintzen lanean. Baina, artearenganako zaletasunari lotuta, arte grafikoetan lan egin dut.
Herrigintzako hainbat proiekturi irudia jarri diezu.
Bai, Tronperriren irudia sortu nuen, geuk sortu genuelako taldea. Eta, baita Kriskitinen kartelen bat eta bandera ere. Antzerkian ere jardun nuen.
Lehenengo Durangoko Azokaren kartela sortu zenuen. Kulturalki zein momentu bizi zenuten?
Euskal kultura berpizteko beharrizana zegoen sasoi hartan. Mugimendu hari ekarpen egitea gura nion.
Gaur egun branding arloan egiten diren lanen aurrekaria zara.
Gazte bat nintzen, marraztea gustuko zuena, eta enkargatzen zizkidaten lanak egiten nituen. Kartel bat edo beste, edozein enkargu egiten nuen.
Zure lanak errekonozimendua izan duela sentitzen duzu?
Nire lagunek eta ingurukoek bazekiten marrazten nuela. Liburuen azalak, Pasiñoaren kartelak...
Erakusketan agertzen ez diren Durangoko hainbat irudi ezagun ere zuk sortutakoak dira. Esate baterako, Gure Kabiya tabernako txorien irudia edo Kurutziaga Ikastolaren logotipoa?
Bai, horrela da. Erakusketan ez dauden arren, horiek ere neuk diseinatuak izan ziren. Gogoan dut Ikastolarena Leopoldo Zugazak enkargatu zidala.