Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Kuir Eztanda kolektiboko kideek manifestazioa antolatu dute Durangon. Aurten, "inoiz baino gehiago" salatuko dute "politika instituzionalek eta enpresa kapitalistek egindako zuriketa arrosa", joera horrek "harrotasun kuirraren eguna merkantilizatu eta despolitizatu" egiten duela iritzita. Era berean, ekainaren 28ko aldarrien jatorria gogoratuko dute, 1969ko egun hura "indarkeria polizialaren aurkako" eta "estatuen botere eta kontrol mekanismoen aurkako iraultza" izan zelakoan, eta indarkeria hori "gaur egun ere presente" dagoelako. Bestalde, "mugimendu trans-baztertzaileen gorakada" ere seinalatuko dute, eta gogoan izango dituzte "indarkeria matxistagaitik eraildako eta erasoak jasandako emakumeak, baita zisheteropatriarkatuak jazarritako sexu-genero disidentziak" ere. Azkenik, "zapalkuntza kolonialak" kritikatu eta elkartasuna adieraziko diote Palestinari.
Kuir Eztandak horiek guzti horiek eta gehiago salatuko ditu ekainaren 26an. Manifestazioa Andra Maritik irtengo da, 19:00etan.