Mugarra Triatloi Taldeak umeentzako Triatloi Txikia antolatu du zapatuan

Anboto 2025ko eka. 26a, 08:08

Mugarra triatloi eskolako gazteak joan zen asteko entrenamenduaren aurretik.

Tabirako igerilekua izango da erdigunea. 2011 eta 2017 urteen artean jaiotakoei bideratuta dago.

Urteroko ohiturari eutsiz, Mugarra Triatloi Taldeak Triatloi Txikia antolatu du zapatu honetan Durangon. 2017tik aurrera jaiotako prebenjaminetatik hasi eta haur-kategoriara (2011-2012) artekoei bideratutako ekimena da eta umeen artean kirol honekiko zaletasuna piztea da ekimenaren helburua. MugarraTTk triatloi eskola bat du 60 ume baino gehiagorekin. 

Tabira, erdigune

Tabirako igerilekuak izango dira ekimenaren erdigunea. Hantxe egingo dute igerian eta handik irtengo dira korrika eta bizikletan egin beharreko ibilbideak. Umeak adinka banatuko dituzte. Prebenjaminen lasterketa 10:30ean hasiko da, benjaminena 10:45ean, kimuena 11:10ean eta haur-kategoriakoa 11:30ean. Bizikletako tartea igerilekutik Tabirako ermitara arteko zirkuitu bat izango da eta, korrika igerileku inguruan ibiliko dira.

Izen-ematea bi modutara egin daiteke: internetez www.rockthesport.com webgunean eta egunean bertan, Tabiran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!